Itxi

Apirilaren 19a bitartean

Euskal zinema, poesia eta musika bira hasi da Polonian

Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek eta Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariek parte hartuko dute bertan.

Jabier Muguruza. Argazkia: EiTB

Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek eta Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariek abiatu zuten apirilaren 19ra bitartean Varsovia, Posnania eta Gniezno Poloniako hirietan egingo den euskal poesia eta musika birari. Kimuak programako film hautatu batzuk ere eskainiko dituzte bertan.

Lehen poesia emanaldia Varsoviako Unibertsitatean egin zuten, Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleen lehen olerkiak irakurrita. Irakurketa euskaraz eskaini zuten, eta polonierara egindako itzulpenak banatu zizkieten entzuleei.

Ondoren, Varsoviako Cervantes Institutuan izan ziren euskal egileak. Bertan, idazleen irakurketarekin batera, Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariek poesiarekin lotutako kontzertu bat eman zuten. Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak eta Aitor Arruza Varsoviako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakasleak ere parte hartu zuten.

Bestalde, apirilaren 19ra arte, "Gerra eta bakea" izenburupean, Kimuak programaren film labur hautatu batzuk eskainiko dituzte Poloniako hiru hiri horietan. Etxepare Euskal Institutuak, Varsoviako Cervantes Institutuak eta Varsovia, Posnania eta Gnieznoko unibertsitateek elkarlanean antolatu dituzte kultur ekitaldi hauek.