Itxi

25. edizioa

Ignacio del Moral, Lucía Lacarra, Iratxe Ansa eta Dimegaz, Max sarietarako izendatuta

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Arte Eszenikoen Max Sarien arduradunek 20 kategorietako finalistak iragarri dituzte. Ekainaren 6an banatuko dituzte garaikurrak, Menorcan. 

"In the still of the night" Lucía Lacarraren lana. Argazkia: © Leszek Januszewski

Ignacio del Moral (antzerki egokitzapen edo bertsio onena, El viaje a ninguna parte lanagatik), Lucía Lacarra (dantzako emakumezko interprete onena In the still of the night koreografiagatik), Iratxe Ansa Igor Bacovichekin batera (koreografia onena CreAcción lanagatik) eta Sandra Ferrús (egile berri onena eta emakumezko aktore onena La panadera lanagatik) Max sariak jasotzeko izendatuta daude, Espainiako arte eszenikoen sarien antolatzaileek iragarri dutenez.

Halaber, Dimegaz konpainia ere hautagai da Harria herria lanagatik, kaleko ikuskizun onenaren atalean, eta Anita Maravillas & Portal 71 haurrentzako, gazteentzako edo familientzako ikuskizun onenaren sailean, Las Cotton lanagatik. 

Ana Garay bilbotarra ere izendatu dute, Rebelión antzezlaneko jantziak diseinatzen egindako lanagatik.

Max - Menorca sarien XXV. edizioaren irabazleak datorren ekainaren 6an jakinaraziko dira, Maóko Antzoki Nagusian ospatuko den galan.

Una noche sin luna Juan Diego Bottok idatzi eta antzeztu duen antzezlanak bildu ditu izendapen gehien, lau: ikuskizun onena, zuzendari onena (Sergio Peris-Mencheta), gizonezko aktore onena eta egile onena (Botto bera, biotan).