Itxi

Saria

Pedro Salaberri margolariak jasoko du Vianako Printzearen Saria

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Talentu Artistikoaren Sustapenerako saria Sofía Esparza Jaúregui sopranoarentzat izango da.

Pedro Salaberri Vianako Printzearen Sariaren irabazlea. ETBren bideo batetik hartutako irudia.

Pedro Salaberri margolariak irabazi du 2022ko Vianako Printzearen Kulturaren Saria, eta Talentu Artistikoaren Sustapenerako saria Sofía Esparza Jaúregui sopranoarentzat izango da. Salaberrirekin batera, Enrique Villarreal "El Drogas" Barricadako abeslari, baxu-jotzaile eta sortzailea, Jose Luis Lizarraga musikari konpositorea eta Josu Imanol Delgado ekonomialaria ziren sarirako hautagaiak.

Nafarroako Gobernuak antolatzen ditu Vianako Printzearen Sariak, "kulturgintzan azpimarragarriak diren pertsona eta erakundeen ibilbidea nabarmendu eta azpimarratzeko", eta, oinarrietan zehazten denez, kontuan hartzen ditu arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan oinarritutako jarduera sortzailea eta zientzian, teknikan eta ikerketan egindako lanak.

Pedro Salaberri Zunzarrenek (Iruñea, 1947) "obra piktoriko oparoa egin du naturaren interpretazioari lotuta, nola naturaren adierazpenari hala giza naturaren erretratuari dagokienez, eta eguneroko gure bizitza duintzeko erabili du pintura", José Javier Azanza, Javier Balda, Francisco Javier Chocarro, Susana García, Ana Moreno, Javier Manzanos eta Villar López Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideek aurkeztutako hautagaitzan jaso dutenez.

Jarauta kalean jaioa, marrazki eta pintura ikasketak hasi zituen Iruñeko Arte eta Ofizioen Eskolan. Beraren hautagaitza aurkeztu dutenen hitzetan, "Pedro Salaberrik paisaiaren ikuspegi ezberdin eta berritzailea eman dio Nafarroako arte eta kulturari, funtsezko elementuen sintesian oinarritutako begirada bat estetika bare eta eraginkorrarekin".

Sofía Esparza Jaúregui, Talentu Artistikoaren Sustapenerako sariaren irabazlea

Sofía Esparza Jaúreguiri buruz, hau esan du Ignacio Apezteguía Kultura-Vianako Printzea Erakundearen zuzendari nagusiak, Departamentuko hiru zuzendaritzetako (Museoak, Kultura Ekintza eta Artxiboak) arduradunek eta Kultura eta Arteen Nafarroako Kontseiluko eta hiru kidek osatutako epaimahaiak: "Kontuan hartu dugu interprete gisa erakutsi duen erregistro zabala, operan, zarzuelan, bakarlari gisa, ganbera musikako errezitaldietan, zeinak Espainia mailako panorama lirikoko soprano nagusietako bat bihurtu baitu".

Albisteak (1)