Ekainak 4
Ziburuk liburu eta disko azoka hartuko du hirugarrenez
N. V. | EITB Media
33 argitaletxe eta 30 sortzaile izango dira larunbatean, herriko Pilota plazan.
Larunbatean, ekainak 4, Ziburuko 3. Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo dute Lapurdiko udalerriko Pilota plazan, Argia hedabideak eta Baltsan elkarteak elkarlanean antolatuta.
10:00etatik 19:00etara, sei liburu aurkezpen, haurrentzako ikusgarriak, bertso-marrazki dema (Axpi eta ZaldiEroa vs. Miren Artetxe eta Igor Elortza, 12:30ean) eta, 20:00etan, Adar taldearen kontzertua egongo dira Ziburuko Pilota plazan.
Guztira, 33 argitaletxe, elkarte eta autoekoizlek (Alberdania, Erein, Igela, Euskaltzaindia Elkar, Pamiela, Baga Biga, Bidehuts, Mairü, Maiatz, Susa, Txalaparta, Jakin…) paratuko dituzte beren produktuak bisitarien ikusgarri eta erosgarri, eta hogeita hamar sortzaile izango dira jendearekikoak egiten, hala nola Arantxa Urretabizkaia, Asisko Urmeneta, Dani Fano, Goiatz Landibar, Kalakan taldeko kideak, Koldo Izagirre, Lizar Begoña, Maddi Ane Txoperena, ØDEI, Pantxoa Carrere, Thierry Biscary…
Urterik urtera, argitaletxe eta sortzaile gehiago biltzen ditu Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak.