Itxi

Muskildin

"Simone Veil" pastorala igandean estreinatuko dute

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Hogeita hamar urte geroago, Muskildik hartuko du pastorala berriz, oraingoan Batitte Berrogainek idatzia, Maite Davantek taularatua eta Sophie Larrandaburuk musikatua.

"Simone Veil" pastoralaren entseguak, otsailean

Dena prestu dago Muskildin uztailaren 24an, igandearekin, "Simone Veil" pastorala lehenengoz plazaratzeko. Batitte Berrogainek idatzi, Maite Davant errejentak zuzendu eta Sophie Larrandaburuk musikatu duten lana 16:30ean emango dute, ordubete atzeratu baitute aldez aurretik ezarritako hasiera ordua igandean bero handia egingo duen ustean.

Veil (Niza, 1927 – Paris, 2017) jatorri juduko politikari ezaguna izan zen, nazien deuseztatze esparruetan biziraun zuena eta hainbat borrokaren ikur dena, hala nola emakumeen eskubideen aldekoa, 1975ean Frantziako Estatuan abortua despenalizatzea ekarri zuena (Osasun ministroa zen orduan). Halaber, Europako herrien arteko anaitasunaren ikur ere izan zen.  

Azken urteotan, ohikoa da pastoralaren sujeta pertsona garaikidea izatea. Hala izan zen, adibidez, Larrainen, Telesforo Monzonekin, eta Atharratzen, Jean Pitraurekin.

Guztira, hiru aldiz taularatuko dute "Simone Veil": igande honetan; heldu den igandean, uztailak 31; eta hurrengo larunbatean, abuztuak 6.

Emakume engaiatu honen istorioa Batitte Berrogain pagolarrak idatzi du, eta Maite Davant da errejenta, lanbide honi ekiten dion lehenengo aldian. Musika, bestalde, Sophie Larrandaburuk konposatu du.

Agertoki gainean, 100 antzezle egongo dira, eta 1.500 ikuslerentzako tokia izango da emanaldi bakoitzean. Igande honetarako sarrerak agortuta daude, baina hurrengo emanaldietarako txartelak erosgai daude Interneten, baita Maulen (Euskalduna jatetxea), Atharratzen (M'Aud saltegia), Donapaleun (La Ferme Souletine), Donibane Garazin (Paris epizeria) eta Baionan (Elkar) ere.

Tradizioari jarraituta, pastoralaren aurretik meza (10:00etan), kalejira eta herri bazkaria izango dira. Veilen ondorengoak amaren aldeko omenaldira bertaratzekoak ziren, baina ezingo dute azkenean.