Zinemaldia
Zinemaldiko Perlak atalean eskainiko dituzten beste hamabi izenburu iragarri dituzte
O. P. | EITB Media
Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaia belgikarren, Mia Hansen-Love, Alejandro González Iñárritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu eta Rubén Östlunden azken filmak gehitu zaizkie, besteak beste, Zinemaldiak lehen iragarritako lau filmei.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak hamabi film berri iragarri ditu, irailaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den 70. Zinemaldiko Perlak sailean proiektatuko direnak.
Hamabi izenburu berriak, beste izenburu baten faltan, dagoeneko iragarrita zeuden laurei gehituko zaizke: Rodrigo Sorogoyenen As Bestas/ The Beasts, Cannesen hautatua; Un año, una noche / One Year, One Night, Isaki Lacuestarena, Berlinalen lehiatu zena; Juan Diego Bottok zuzendutako En los márgenes / On the Fringe, Veneziako Mostran programatua; eta Los renglones torcidos de Dios / God's Crooked Lines, Oriol Pauloren ekoizpena, sailaren Emanaldi Berezi gisa erakutsiko dena.
Jean-Pierre (Engis, 1951) eta Luc (Awirs, 1954) Dardenne anaia belgikarrak, Cannes Urrezko bi Palmorri irabazi dituztenak, lehendabizikoz ariko dira lehian Donostia Hiriko Publikoaren Saria eskuratzeko Tori et Lokita/ Tori and Lokita filmarekin (75. urteurreneko saria Cannesko jaialdian).
Louis Garrel (Paris, 1983) aktore, idazle eta zinemagileak gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Donostian (2018) bere bigarren film luzearekin, trilogia baten lehen zatiarekin, hain justu. Bigarren zatia, La croisade (2021), Perlak sailean hautatua izan zen Cannesko zinema-jaialdian izan ondoren; orain hirugarren zatiarekin itzuliko da Donostiara, L'innocent / The Innocent-ekin, Cannesen izan ondoren.
Mia Hansen-Løve (Paris, 1981) Zinemaldira –zehazki, ikus-entzuleak epaimahaikide diren sailera– itzuliko da Un beau matin / One Fine Morning pelikularekin; Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean Europa Cannes Label saria eskuratu zuen zuzendari frantsesaren lan berriak
Oliver Hermanus (Lurmutur Hiria, 1983) zinemagile hegoafrikarrak Akira Kurosawaren Ikiru (1952) filmaren remake britainiarra filmatu du, Living, jatorrizkoa estreinatu eta 70 urte geroago. Sundance jaialdian aurkeztu eta Veneziako sail ofizialeko lehianketaz kanpo hautatutako filmaren gidoia Literaturako Nobel saridun batek idatzi zuen, Kazuo Ishiguro jatorri japoniarreko idazle britainiarrak, hain zuzen ere. Halaber, Bill Nighy eta Aimee Lou Wood dira remake berriarean aktore nagusiak.
Bardo, Falsa crónica de unas cuantas verdades/ Bardo, False Chronicle of a Handful of Truths-ekin, hirugarrenez izango da Alejandro González Iñárritu (Ciudad de México, 1963) Perlak sarietan. Veneziako Mostran lehiatuko den film horrek kazetari eta dokumental-zuzendari mexikar batean ipintzen du arreta.
2018ko Donostia Saria jaso zuen Hirokazu Koreeda (Tokio, 1962) Broker filmarekin iritsi da oraingoan. Song Kang-ho protagonistak aktore onenaren saria jaso zuen Cannesen; zinemagile japoniarrak zuzendutako Hego Koreako lehen ekoizpena da.
Corsage pelikulan, Marie Kreutzer zinemagile austriarrak (Graz, 1977) Sissiren istorioa berrikusten du, eta Austriako enperatrizak 40 urte bete zitueneko unea aukeratu du horretarako. Corsage Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zen, eta Vicky Kriepsek antzezlan onenaren saria jaso zuen bertan.
Santiago Mitre (Buenos Aires, 1980), Donostiara itzuliko da aurten Argentina, 1985 pelikularekin. Veneziako zinema-jaialdiaren lehiaketa ofizialaren parte da filma, eta Juicio a las Juntas (junten epaiketa) izenez ezagutzen den jazoera berritzen du, Mitrek berak Mariano Llinásekin batera idatzitako gidoiarekin, eta Ricardo Darín antzezlearen protagonista-rolarekin.
Moonage Daydream –David Bowie abeslari eta artistaren unibertsoan murgiltzen den filma– izango da saila itxiko duen lana, Cannesko zinema-jaialdian izan ondoren. Brett Morgen (Los Angeles, 1968) On the Ropes, Jane y Cobain: Montage of Heck obraren sortzaileak, bost milioi artikulu baino gehiago arakatu zituen (marrazkiak, grabazioak, filmak, egunkariak, etab.) ez-fikzio musikal hau eratzeko.
Cristian Mungiu zuzendari errumaniarrak (Iasi, 1968) R.M.N. aurkeztuko du oraingoan Perlak sailean, xenofobiari buruzko egilearen gogoeta, Cannesen lehiatu zena.
Peter von Kant, François Ozonen (Paris, 1967) azken filma, joan den Berlinalen inauguratu zena, izango da Perlak saila irekiko duena. Ozonek Rainer Werner Fassbinderri omenaldia egiten dio Peter von Kant bere film berrian; Denis Ménochet, Hanna Schygulla eta Isabelle Adjani aktoreekin batera filmatu du.
Perlak saileko hautaketan parte hartuko du, halaber, Cannesko azken zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria eskuratu zuen filmak. Zehazki, Ruben Östlund (Styrsö, 1974) zinemagile suediarrak zuzendutako Triangle of Sadness bere lan berria, luxuzko gurutzontzi batean girotuta, burgesiari buruzko satira.
Zinemaldiko harribitxiak
Espainian erakutsi gabeko urteko film luze nabarmenen aukeraketa. Sail honetako filmek kritikaren txaloak eta sariak jaso dituzte nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan.
Perlak saileko film guztiak dira Donostiako Udalaren babespeko Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagai. Esan behar da filmaren lehen proiekziora datozen ikusleek erabakitzen dutela saria.
Donostia Hiria Publikoaren Saria bi azpisariz osatua dago: Film Onenaren saria, 50.000 eurokoa, eta Europako Film Onenaren saria, 20.000 eurokoa, filmaren Espainiako banatzaileari ematen zaiona.
Perlak sailaren promozio irudia. Zinemaldia