24. edizioa
BAD jaialdiak dantza eta antzerki eskaintza zabalduko du Bilbon
N. V. | EITB Media
Metrokoadroka konpainiaren ikuskizun berriaren aurrestreinaldiak abiatuko du jaialdiaren 24. edizioa urriaren 13an, ostegunarekin.
BAD Bilboko Udalak antolatutako Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren 24. edizioa ostegunean, urriaren 13an, hasiko da, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren euskarazko antzerki performatiboko bere azken ikuskizunaren aurrestreinaldiarekin: "Zeozertan dabil baina ez dakit zertan" (La Fundicion aretoan, 19:00etan).
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiak urriaren 23ra arte iraungo du, eta 20 bat ikuskizun eskainiko ditu, gehienbat, bertoko taldeenak (Metrokoadroka Sormen Laborategia, Mollis, Tripak, Itziar Manero, Denis Martinez, Vulnera Compañia eta Itzuli Konpainia) baina baita kanpokoenak ere.
BAD jaialdiak hilaren 23an bukatuko du 24. edizioko egitaraua, Aves Migratorias de Madrid konpainiaren 'El Águila' ikuskizunarekin, Harrobia aretoan ikusi ahal izango den antzerki dokumental eta dantza piezarekin, hain zuzen.