Heriotza
Pablo Milanes kantautore kubatarra hil da
Agentziak | EITB Media
Troba kubatar berriaren sortzaileetako bat izan zen Milanes. Madrilen zendu da, minbiziak jota. Duela 10 egun ospitaleratu zuten, eta ondorioz, hitzartuta zituen hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan zituen, tartean, Iruñeko Baluartekoa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pablo Milanes kantautore kubatarra hil da bart 79 urterekin. Madrilen zendu da, erietxean. Minbizia zeukan, eta azken egunetan, okerrera egin zuen bere osasun egoerak.
Musika kubatarraren ahots handi eta ezagunenetakoa, Troba Berria soinuaren sortzailea izan zen Silvio Rodriguez eta Noel Nicolarekin batera.
"Yolanda" eta "Yo no te pido" ereserkien egileak 40 disko baino gehiago kaleratu zituen, eta hainbat sari jaso, hala nola Kubako Musikaren Sari Nazionala edota Bikaintasun Musikalaren Grammy Latinoa.
Hilaren 12an, Madrilgo ospitale batean ingresatu zuten Milanes, "azken hiru hilabeteotan bere osasun egoera kaltetu duten infekzioak tarteko", azaldu zuten orduan bere ordezkariek.
Hitzartutako hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan zituen. Besteak beste, azaroaren 13an Iruñeko Baluarten zeukana.
"Min eta tristura handiarekin jakinarazi behar dugu Pablo Milanes maisua azaroaren 22ko goizaldean hil dela Madrilen. Familiak eta lagunek jasotako maitasun eta babes mezu guztiak biziki eskertzen ditugu, une zailak baitira (...) Betiko edukiko dugu gure gogoan", adierazi dute artistaren sare sozialetan banatutako oharrean.