Itxi

GUGGENHEIM BILBAO

Miro, Picasso eta Kokoschka, Guggenheim Bilbao Museoaren 2023ko protagonisten artean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

1.247.599 bisitari hartu ditu aurten Guggenheim Bilbao Museoak, aurreikusitakoa baino % 55 gehiago. Datorren urterako aurkeztu duen programazioari otsailean emango diote hasiera, Joan Miro kataluniarraren erakusketarekin: "Joan Miro. Errealitate absolutua. Paris, 1920–1945".

Joan Miroren lanetako bat. Argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa

2023ko programazioa aurkeztu du Guggenheim Bilbao Museoak, eta ohi bezala, izen handiko mundu mailako artisten lanak egongo dira ikusgai Bizkaiko hiriburuan. Hala nola, Joan Miro, Picaso, Oskar Kokoschka edota Gego sortzaileen obrak erakutsiko dira datorren urtean.

Otsailaren 10ean emango diote hasiera denboraldi berriari, Joan Miro kataluniarraren "Joan Miro. Errealitate absolutua. Paris, 1920–1945" erakusketarekin. Miroren ibilbide artistikoan funtsezko aldia izan zen Parisen bizitakoa, eta hori nabarmendu nahi dute, museoko arduradunek jakitera eman dutenez.

Horren ondoren, martxoaren 17an, Oskar Kokoschka artista austriarrari eskainitako atzerabegirako handia eta Lynette Yiadom-Boakye artista britainiarraren azkenaldiko obraren aurkezpena —martxoaren 31tik irailaren 10era bitartean— iritsiko dira Guggenheim Bilbaora. Ekainaren 27an, berriz, Yayoi Kusama sortzaile japoniarrari eskainitako erakusketa bat hartuko du, bere bizitza eta ibilbide artistiko luzea sakonetik aztertzeko.

Uda ondoren, irailaren 29an, Picassoren lanaz gozatzeko aukera izango dute museora gerturatzen direnek. "Picasso. Materia eta gorputza" inauguratuko da, Malagako maisuaren eskultura ekoizpenari buruzko erakusketa zabala, haren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan.

Urrian eta azaroan, bestalde, Marine Hugonnier artista frantsesaren obra berria eta Gego artista alemaniar-venezuelarraren lanaren atzerabegirakoa izango dira ikusgai. Eta, azkenik, 2023ko programazioa osatzeko, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak ere erakutsiko dira.

Museoaren Fundazioaren Patronatua atzo bildu zen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, datorren urteko aurrekontua onartzeko. Batzarrean emandako datuen arabera, 2023an 950.000 bisitari hartzea aurreikusi dute museoko arduradunek, eta 32.665.379 euroko aurrekontu operatiboa adostu dute, iazkoa baino % 8,1 handiagoa, besteak beste, energia kostuen eta KPIaren igoeragatik. 

2022an 1.247.599 bisitari hartu ditu Guggenheim Bilbaok, aurreikusitakoa baino % 55 gehiago eta 2021eko epe berean metatutako kopuruaren bikoitza.