KONTZERTUA
Agortu dira Hertzainak taldeak urtarrilaren 6an Gasteizen eskainiko duen azken kontzerturako sarrerak
EITB MEDIA
"Gasteizen hasi zen guztia eta hemen amaitu behar genuen", esan zuten taldeko kideek azken kontzertuaren aurkezpenean.
Agortu dira Hertzainak taldeak urtarrilaren 6an Gasteizen eskainiko duen azken kontzerturako sarrerak, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Behin betirako agurtuko dira talde arabarreko kideak, Mendizabalan jarriko duten karpa batean eskainiko duten kontzertuaren bidez. "Azkena gure alde!" agur bira laburreko eta taldearen ibilbideko azken kontzertua izango da, dena hasi zen hirian bertan.
Joan den abenduaren 16an eta 17an Barakaldoko BECen eskainitako kontzertuen segida izango da Gasteizkoa, eta berriro ere, Gari abeslaria, Josu Zabala teklatu jolea eta Luis Javier Saiz Txanpi bateria jolea igoko dira oholtzara, publikoari betirako agur esatera.
Azaroaren 30ean jarri zituzten salgai Arabako hiriburuan eskainiko duten kontzerturako sarrerak, eta aurkezpen prentsaurrekoan azaldu zutenez, 15 bat artista-gonbidatu izango dira emanaldian, estilo eta belaunaldi ezberdinetakoak. "Gasteizen hasi zen guztia, eta hemen amaitu behar genuen", esan zuten taldeko kideek.
Mendizabalan jarriko duten karpan 20.000 lagun inguru batuko dira. Gaueko 22:00etan izango da kontzertua, baina atea 19:00etan zabalduko dute, 20:00etan hasiko baitira gonbidatuen emanaldiak.
Duela hamar egun BECen eskaini zituen bi kontzertuetan Hertzainak taldeak ez zuen hutsik egin, eta hainbat belaunaldik gozatu zuten euskal musikaren talde handienetakoa izan denaren abestiekin. Zuzenean eskaini zuen ETBk abenduaren 16ko kontzertua, eta lotura honetan dago ikusgai osorik.