Erakusketa
Ondare teknologikoaren bi harribitxi, San Telmon
Museoko erakusketa iraunkorrean sartu dituzte piezak: kommutazioko lehenengo telefono-zentrala eta 50eko hamarkadako zinema-proiektagailu bat.
San Telmo museoko bisitariek Donostiako ondare teknologikoaren bi bitxi ikusteko aukera izango dute, Eureka! Zientzia Museoak utzita. Museoko erakusketa iraunkorrean sartu diren bi pieza horietako bat Donostian 1926ko ekainaren 13an instalatu zen kommutazio automatikoko telefono-zentrala da, eta bestea, 50eko hamarkadako zinema-proiektagailua.
Kommutazio automatikoko telefono-zentral hori edukitzen Estatuko lehena izan zen Donostia, Udalaren eta Foru Aldundiaren elkarlanari esker. Madril, Bartzelona eta Bilbo baino lehenago izan zuen zerbitzu hori. Museoan dagoen telefono-zentrala hasieran San Martzial kalean instalaturikoaren heren bat da, eta beste bi herenak Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniari Eskolako hall-ean eta Telefonicak Madrilen duen egoitza nagusian daude.
Gipuzkoako merkataritza eta industria garatzeko giltzarri izan zen, hirigunetik urrun zeuden tailer txikiak ere konektatzeko aukera eman baitzuen; ekoizpen eta kontsumo gune bihurtu ziren horrela. Garaiko telekomunikazioen arloan sekulako iraultza izan zen, eta prentsan titular handiak izan zituen: “Adiós a la telefonista” (La Voz de Guipúzcoa), “Cómo se ha convertido en automática parte de la red automática provincial” (El Pueblo Vasco), “A las doce y un minuto nos despedimos de la señorita telefonista” (El Pueblo Vasco).
Philips-ek fabrikaturiko proiektagailua Donostiako Presentación de Maria ikastetxean erabili zen hainbat hamarkadatan. Handik, Kutxaren Arrasate aretora igaro zen, han erabiltzen zen proiektagailua marka berekoa zenez ordezko piezak izateko balio ahal zuela pentsatu zutelako.