Kargatzen...
Itxi

XV Premis Gaudi

Mikel Gurrea ("Suro") eta Alauda Ruiz de Azua ("Cinco lobitos") nabarmendu dituzte Gaudi sarietan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zuzendari berri onenaren saria jaso du Gurreak, "Suro"gatik. "Cinco lobitos", bestalde, Europako film onentzat jo dute.

Gurrea, saria eskertzen. Argazkia: EITB Media

EITB partaide den bi euskal pelikulek, Suro-k eta Cinco Lobitos-ek, golardoa jaso dute bart Gaudi sarien XV. edizioan (Kataluniako Zinema Akademiak urtero banatzen dituen sariak). 

Mikel Gurrea zuzendari donostiarra beste hiru izendatuei (Avelina Prat, Carlota Gonzalez-Adrio eta 'Laura Sistero) gailendu zaie, eta berak eraman du azkenean Zuzendari berri onenaren saria. Aurretik ere hamaika golardo jaso ditu Suro luzemetraiak, besteak beste, Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zuen Zinemaldian, baita Fipresci saria ere. 10 izendapen zituen Gaudi sarietan. 

Saria jasotzean, "aurten bere lehen filma egin duten pertsona guztiei" eskaini die saria, "oso zaila baita". Nabarmendu duenez, pelikula egiteko ondoan izan duen lantalde tekniko eta artistiko guztia edukiko luke berriro beste edozein film egiteko. 

Zuzendari berri onenaren sariaz gain, beste bi golardo eskuratu ditu Suro-k: Pol Lopez eta Vicky Luengo aktoreek, hurrenez hurren, gizonezko aktore onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren saria jaso baitute.

Halaber, Alauda Ruiz de Azua barakaldarraren aurreneko filma denak, Cinco lobitos-ek, Europako film onenaren saria jaso du. Marisa Fernandez ekoizlea eta Ruiz de Azua bera igo dira taula gainera saria eskertzera. Lehenengoak azpimarratu duenez, "ziurrena jasoko dugun sari bitxiena izango da hau, Europako film onenarena hain justu. Pelikulak euskal zati bat dauka, Madrileko beste zati bat, Kantabriako beste bat, eta baita Kataluniakoa ere, Laia Costa katalana baita aktore protagonista". Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren hitzetan, pelikula "bidaia zoragarria izan da, abentura bat", eta saria lantalde guztiari eskaini dio. 

Ruiz de Azua, saria jasotzean. Argazkia: EITB Media

Gainerakoan, Carla Simonen Alcarras-ek (5), Isaki Lacuestaren Un año, una noche (5 ) eta Albert Serra Pacifiction (3) jaso dituzte sari gehien. Golardoak Kataluniako Arte Museo Nazionalean egin duten gala batean banatu dituzte, Pere Aragones Generalitateko presidentea eta Miquel Iceta Espainiako Kultura ministroa bertan zirela.

Albisteak (4)