Aplikazioa
Kxo!, euskara smartphonetik ikasteko aukera
Euskaraz ezer ez dakienari edo euskara apur bat dakienari ohiko egoeretan euskaraz komunikatzeko baliabideak eskaintzea du helburu, gaztelania, ingelesa edo frantsesa abiapuntu hartuta.
kxo! euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazio bat da, eta Elhuyarrek merkaturatu berri du smartphoneetarako (Android eta iPhone plataformetarako).
Gaztelania, ingelesa edo frantsesa abiapuntu hartuta, euskara ikasi ahalko du erabiltzaileak. Helburua da euskaraz ezer ez dakienari edo euskara apur bat dakienari ohiko egoeretan euskaraz komunikatzeko baliabideak eskaintzea. Horretarako, entzuteko ariketak, mintzatzeko ariketak eta irakurri eta idazteko ariketak proposatzen ditu.
Elhuyarrek Moblang europar ikerketa-proiektuan parte hartu zuen beste hainbat erakunderekin batera, eta, proiektu hartan ikertutakoaren ondorioz, hizkuntzak ikasten lagunduko duen mugikorretarako aplikazio bat sortu zuten, baliozkoa izan dena, besteak beste, euskara mugikor bidez modu ludiko eta errazean ikasteko. Elhuyar arduratu da euskara ikasteko aplikazioaren garapenaz, eta kxo! da lan horren emaitza.
Gaika antolatuta dago Kxo! aplikazioa: orduak, bazkariak, helbideak... Entzun eta mintzatzeko ariketak ditu eta 1.500 audio baino gehiago.