Gala, astelehenean
Max sarietarako 13 izendapen, antzerkiko euskal profesional eta konpainientzat
N. V. | EITB Media
Egile eta Editoreen Espainiako Elkarteak apirilaren 17an banatuko ditu arte eszenikoen urteroko sariak, Falla Cadizeko antzokian, 20:00etatik aurrera.
Euskal antzerkiak hamahiru izendapen ditu astelehenean banatuko dituzten Max sarietarako. Egile eta Editoreen Espainiako Elkarteak urtero banatzen ditu arte eszenikoen sariak, eta aurten Cadizen izango da gala, apirilaren 17an, astelehenarekin. "El bosque" Mario Bermudez Gilen lanak bildu ditu izendapen gehien, zazpi.
La Dramática Errante Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak sortutako bilbotar konpainiak bost izendapen jaso ditu Max sarietan, "Yerma" eta "Altsasu" lanengatik. Lehenengoak, Federico Garcia Lorcaren lanaren egokitzapenak, egokitzapen edo bertsio onenaren Max saria (Maria Goiricelaya) irabaz lezake, baita eszena zuzendaritza onenarena (Maria Goiricelaya) eta emakumezko aktore onenarena (Ane Pikaza) ere.
"Altsasu" 2016an Koxka tabernan izandako jazoeren ondoren "zaurien jarioa gelditzeko, barkamenaz, adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz hitz egiteko" idatzitako obra, bestalde, sail hauetan dago izendatuta: antzerki ikuskizun onena eta antzerkiko egiletza onena (Maria Goiricelaya).
IRAKURRI MARIA GOIRICELAYAREKIN "ALTSASU"REN KONTURA EGINDAKO ELKARRIZKETA
"Antzerkiak galderak egin behar dizkigu, astindu, axolagabe ez utzi, eta 'Altsasu'k hori egiten du"
Kukai dantza konpainiak aspalditik du harreman goxoa Max sariekin, hainbat aldiz jaso baititu sariak bere aurreko lanengatik, eta aurten ere saria bereganatzeko urrats baten faltan da "Eta orain zer?" bere ikuskizuna. Dantza ikuskizun onenaren, argiztapen diseinu onenaren (David Bernues) eta ikuskizun eszeniko baterako sormen musikal onenaren (Pascal Gaigne) sariak irabaz litzake astelehenean.
Gainera, Iñaki Rikarte eszena zuzendaritza onenaren atalean dago izendatuta, "Supernormales" antzezlanean egindako lanagatik, "Zuhaitzak landatzen zituen gizona" Gorakada konpainiaren lana haur, gazte eta familia ikuskizun onenaren atalean eta Marta Eguileor egile berri onenarenean, "Borderland"egatik.
Amaitzeko, "Sexberdinak" Tanttaka Teatroaren ikuskizuna ekoizpen lan onenaren Max sarirako dago izendatuta, eta Ikerne Gimenez espazio eszenikoaren diseinu onenerako, "El cuaderno de Pitágoras" lanarengatik.
Astelehen iluntzean ikusiko dugu, oihala jaitsitakoan, zenbat sari ekartzen dituzten euskal konpainia eta profesionalek.