Itxi

Argazkilaritza

World Press Photok gerrari, klima krisiari eta sufritzen ari direnen abandonuari begiratu die

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Argazkilaritza sari ospetsuek lau saridun nagusiak iragarri dituzte. Urteko argazki onena Evgny Maloletka argazkilariak Ukrainan, Mariupoleko setioan, hartutako bat da.  

World Press Photoko argazki onena. Argazkia: Evgeniy Maloletka

World Press Photo (WPP) argazkilaritza sariek iragarri dute Evgeniy Maloletka ukrainar dokumentalista, argazkilari eta kazetariak Mariupol Ukraniako hirian, erietxe bateko amategiaren kontrako erasoaren ondoren, egindako argazkia dela urteko onena.

Irina Kalina 32 urteko emakumea garraiatzen ari dira irudian, erasoaren hondarren artean; umea hilik jaio zen, eta ama ere ordu erdi geroago hil zen.

Urteko erreportaje grafiko onena Mads Niessen danimarkar argazkilariaren bederatzi irudik osatzen dute. WPPk azaldu duenez, argazkilariak "uko egin dio Afganistango hiria ahazten uzteari, talibanen agintepean eta nazioarteko laguntzarik gabe dagoen honetan".  

Irudietako batek Jalil Ahmad 15 urteko mutikoa erakusten du; gurasoek haren giltzurrun bat saldu zuten, 3.500 euroan, talibanen mendean herrialdean zabaldu den goseteari aurre egiteko.

Proiektu luze onenaren saria Anush Babajanyan armeniar argazkilariarentzat izan da, Asia erdialdean ezkutuan den gertakari bat azaleratzeko urte luzez egindako lanari esker: klimaren krisiak okertu egin du uraren kudeaketa Sobietar Batasuna osatu zuten herrietan.

Formatu irekiko atalaren saria Mohamed Mahdyrentzat izan da, Al Max Alexandriako auzoko herritarrekin batera egindako proiektuagatik. Arrantzaleen herri baten memoria zaintzeko eta gordetzeko web bat sortu dute, desagertuko den beldurrez eta munduarekin bat egiteko gogoz. 

Mundu mailako lau irabazleak 127 herrialdetako 3.752 pertsonak bidalitako 60.000 irudi finko eta multimediaren artean aukeratu dituzte.

Epaimahaiaren burua Brent Lewis New York Timeseko argazkilaritza editore eta Diversify Photoren sortzailekidea izan da.

Istorio horiek guztiek eta beste irabazle batzuek 60 hiritara, tartean Gasteizera, iritsiko den erakusketa bat osatuko dute.