Saria
Kirmen Uribe idazlea saritu du Eusko Ikaskuntzak
N. V. | EITB Media
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jasoko du, curriculum nabarmenagatik. "Euskal literaturaren berritzaile nagusietako bat da XXI. mendean eta nazioarte mailan euskara eta euskal kulturaren enbaxadore argia da", epaimahaiaren hitzetan.
Kirmen Uribe idazleak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria irabazi du, curriculum nabarmenaren atalean. Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek osatu dute, Eusko Ikaskuntzaren eta Laboral Kutxako ordezkariekin batera.
Horien ustez, "euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore nagusietako bat da, eta 70eko hamarkadako belaunaldiaren erreferentea. Gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna. Eta umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura-komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko".
Kirmen Uriberen narratiba eta poesia lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Unibertsitateko 500 bat ikasketak haren obraz hitz egiten dute, eta saiakeran, haur eta gazte literaturan, musikan eta arte plastikoetan ere jardun da.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria asteartean iragarri zuten, eta Beñat Garaio Mendizabal arabarrari emango diote.