Itxi

MUSEOEN EGUNA

Doako sarrerak, kontzertuak eta tailerrak, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

EITB Media

Leer en Castellano

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako museoek ekitaldiak antolatu dituzte Museoen Nazioarteko Egunaren harira.

Bilboko Arte Ederren Museoa. Artxiboko argazkia: EITB Media

Museoen Nazioarteko Eguna da gaurkoa eta hori ospatzeko Euskal Herriko hainbat museotako sarrera doakoa izango da. Halaber, han eta hemen bisita gidatuak, kontzertuak eta tailerrak ere izango dira. Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) ezarri zuen egun hau 1977an eta aurtengo gai nagusia "Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea" da.

Araba

Gasteizko Artium museoko lau erakusketa bisitatzeko sarrera doakoa izango da gaur hasi eta igandera bitartean. Dena dela, aurrez izena eman behar da 945 20 90 20 telefonora deituta edo webgunean sartuta. Hauek dira ikusgai egongo diren lau erakusketak: Alejandro Cesarcorenaren "Oinarrizko mugimenduak (1950-2000)", Irati Gorostidi eta Mirari Echavarriren "Oraintsuko beste adibide batzuk", "San Simon 62" eta "Sahatsa Jauregi".

Gainera, Nerea Lekuona artistak "Auzoko alfabetoa" izeneko tailer irekiak antolatu ditu astebururako. Parte hartzaileek horma irudi handi bat egingo dute. Tailerrak larunbatean 11:30etatik 13:30etara eta 17:30etatik 19:00etara egingo dira, eta igandean 11:30etatik 13:30etara. 12 urtetik beherakoek heldu baten laguntza beharko dute.

Bestalde, bi bisita gidatu antolatu dituzte: larunbatean 12:30ean eta igandean 18:00etan.

Bizkaia

Bilboko Guggenheim museoan Yoko Onoren Bilborako nahien zuhaitza aktibatu egingo dute gaurko egunaren harira. Eraikinaren bigarren solairuko terrazan kokatuta dago eta instalazio bizia da, publikoaren parte hartzearen bidez zentzu hartzen duena. Artelana Onoren Imagine Peace Tower delakoa buru duen proiektu zabalago baten parte da. Islandian kokatutako dorre horretan biltzen dira, hain zuen ere, Onok munduan zehar dituen Nahien zuhaitz ezberdinetan bisitariek jartzen dituzten desira guztiak. Oraingo honetan, eguraldia lagun, museoan zintzilikatutako desioak aste osoan egongo dira ikusgai.

Bilboko Arte Ederren Museoak bi bisita gidatu iruzkindu antolatu ditu gaurko: 12:00etan euskaraz eta 18:00etan gazteleraz. Aldez aurretik izena eman behar da webgunean.

Gipuzkoa

Donostiako San Telmo museoan sarrera doakoa izango da ostegunean, larunbatean eta igandean. Bisita gidatuak eskainiko dira ostegunean (12:00etan euskaraz eta 17:00etan euskaraz), baina beharrezkoa da aurrez izena ematea webgunean. 19:00etan Sofia Chacon, Andrea Flores (sopranoak), Itziar Beitia (pianoa) eta Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleek kontzertua eskainiko dute elizan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte.

Larunbatean eta igandean musika emanaldiak izango dira elizan eta kaustroan Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleen eskutik. Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte. Gainera, larunbatean 19:00etan hasita, Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolako ikasleek ikuskizuna eskainiko dute elizan.

Getariako Cristobal Balenciaga Museoak ate irekien eguna ospatuko du ostegun honetan.

Nafarroa

Oteiza Museoak, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, ate irekien jardunaldiak, bisita gidatuak eta yoga eta arte saio bat antolatu ditu maiatzaren 18tik 21era.

Efemeridearekin bat eginez, Karlismoaren Museoak Angela Moreno artista nafarrak proposatutako "Gaur atzo izan daitekeelako" aldi baterako erakusketa inauguratu du.