Uztailak 21 - abuztuak 6
Erriberriko Antzerki Jaialdia, musikari, dantzari eta zirkuari ere begira
N. V. | EITB Media
Jaialdiaren hogeita laugarren edizioak 22 ikuskizunen 39 emanaldi eskainiko ditu uztailaren 21etik abuztuaren 6ra.
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren hogeita laugarren edizioa uztailaren 21etik abuztuaren 6ra egingo dute, eta -esan gabe doa- antzerkiaz gain (hori izango da eskaintzaren bizkarrezurra), musika, dantza eta zirkua ere aurkituko dugu programazioan.
Guztira, 22 ikuskizunen 39 emanaldi eskainiko dituzte; horietako 13 emakumek sortu, idatzi edo zuzendutakoak dira, antolatzaileek azpimarratu dutenez, zortzi nafar konpainienak dira eta guztietatik bat euskaraz.
Ane Pikaza eta María Goiricelaya jaialdiaren zuzendari artistikoek aurtengo edizioaren programazioa aletu dute gaur, ostegunarekin, aurkezpen ekitaldian: "Belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta mundua astintzen duten arazo guztiei begiratzen die. Jaialdi parekide eta feminista da, berdintasuna sustatzen eta inklusioa besarkatzen duena, normaltasunetik desberdintasunaren balio artistikoa aldarrikatzen".
Aurten, 12 ikuskizun egongo dira La Cava agertokian, guztiak ere 22:00etatik aurrera: "La infamia" Lydia Cachorena, "Mujer en cinta de correr sobre fondo negro", ikuskizun berri onenaren 2022ko Max sariaren irabazlea, "Perséfone", Miguel Goikoetxandiak idatzi eta zuzendua, "Simulacro" Jon Iraizoz nafarrarena, "La malpagá" Ana Maestrojuanen dramaturgia eta zuzendaritza dituen lana…
Erriberrin, antzerkia ez ezik, dantza eta kaleko antzerkia ere egongo dira, eta ikuskizunak San Martin Unx, Beire eta Tafallara ere iritsiko dira.
Aurten sormen erresidentziak egiteko aukeratutako bi lanak dira "La Montaña – Mendia" Mikele Urroz eta Lucia Ezkerrena eta "Torcidas" Las nenas Theatrerena.