Palmaresa
Libanoko errealitateak, Zinegoak 2023ko sarien protagonistak
EITB Media
Rita Baghdadiren 'Sirens' dokumentalak irabazi du 2023 Zinegoak Sari Nagusia, EITBren babesarekin. Datozen egunetan Filmin plataforman sail ofizialeko hainbat lan ikusteko aukera egongo da.
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zine eta arte eszenikoen jaialdiak edizio honetako sariak banatu ditu astelehen honetan. Film luze eta laburrik sarituenen kasuan Libanoko errealitateak izan dira protagonista nagusiak. Era berean, Zinegoakeko palmaresean nabaria da emakumeen presentzia, bederatzi saritik seitan irabazleak emakumeak direlako.
EITB taldearen babesa duen Zinegoak Sari Nagusia (4.000 euro) 'Sirens' dokumentalarentzat izan da, Rita Baghdadi zuzendariarena. Epaimahaiaren ustez, "erregimena erori ostean sortu diren disidentzien ispilu" da ekoizpena. Era berean, DOK kategoriako saridun nagusia izan da, baina epaimahaiak aipamen berezia egin dio Juliaca Carik zuzendutako 'Uyra, a retomada de floresta lanari', "ikuspegi dekolonialetik filmatzen duen testuinguruarekiko kosmobisio iragazkorra erakusteagatik".
FIK sailari dagokionez, Julia Muraten 'Regra 34' filmak irabazi du, eta narratiba berrien KRAK sailean, Theo Montoyaren 'Anhell69' lanak jaso du saria.
Publikoaren saria, 1.000 eurokoa, Dania Bdeiren 'Warsha' film laburrarentzat izan da, azken astean zinemaldiko aretoetara joan direnek euren botoekin emandakoa. Lan honek Senior Epaimahaiaren saria ere irabazi du.
Gazte epaimahaiak, bestalde, Isa Luengo eta Sofia Esteve Santojaren 'Perpetua felicidad' film laburra saritu du, "islatzen duen istorioagatik eta naturaltasunagatik". Paco Ruizen 'Desviación Típica' lanarentzat izan da euren aipamen berezia.
Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak Tünde Skovranen 'Who I Am Not' film luzea saritu du, "oraindik oso ikusezina den sexu arteko disidentziaren bi bide desberdin eskaintzen dituelako". Halaber, aipamen berezia egin dio 'Uyra: a retomada da floresta' lanari, "estetika eder eta barearekin erakutsi duelako trans identitate ez-binarioaren eta periferiako gorputz-lurraldearen defentsaren arteko elkargunea".
Lesbianismoaren eta Generoaren sariari dagokionez (1.500 euroko balioa du eta Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babesten du), saria 'Casa Susanna' lanarentzat da, Sébastien Lifshitzena (Zinegoak 2021eko ohorezko saria). Horrez gain, aipamen berezia egin nahi izan diote Tünde Skovran zuzendariaren 'Who I Am Not' filmari.
Interpretazioaren profesionalek Fikziozko Film Luzeetan Protagonistaren Interpretazio Onenaren saria ere eman diote Sol Mirandari ('Regra 34'), "unibertso oso desberdinak maisuki lantzeagatik". Antzezpen Sekundariorik Onena, berriz, 'Mutt' filmeko Alejandro Goicentzat, "bere begirada samur eta egiazkoarekin hunkitzeagatik".
ZG/PRO WIP saria Egoitz Arbiol Albeniz eta Ibai Fresnedoren 'Armairutik plazara' proiektuarentzat izan da, Hiruki Larroxa Kooperatibak ekoitzia.
Behin 20. edizioa amaituta, sail ofizialeko film batzuk Filmin plataforman gozagai izango dira uztailaren 5era arte. Horrez gain, beste hainbat lan ere ikusi ahal izango dira; Angeles Cruz ohorezko sariari buruzko atzera begirakoa, 20. urteurrenari buruzko ziklo berezia eta euskarazko O.S. zikloa, besteak beste.