LAN GATAZKA
Hollywoodeko aktoreek greba abiatu dute, ekoiztetxe handiekin negoziazioek huts egin ondoren
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gidoilariak ere greban daude maiatzaren hasieratik, eta horrenbestez, Hollywoodeko ekoizpena guztiz gelditzea ekarriko du aktoreek iragarritako lanuzteak.
AEBko Aktoreen Sindikatuak (SAG-AFTRA) greba deitu du, lan-hitzarmena berritzeko ekoiztetxe handiekin abiatutako negoziazioek huts egin ondoren. Modu horretan, WGA gidoilarien sindikatuak maiatzean deitu zuen lanuztera batu dira aktoreak eta Hollywoodeko industriaren ekoizpena gelditu egingo da, ia erabat. Azken 63 urteotan lehen aldiz gertatuko da hori.
Fran Drescher aktoreak eta SAG-AFTRA sindikatuko presidenteak iragarri du greba hedabideen aurrean. Esan duenez, "oso triste" daude, baina "bidegurutze" honetan ez zuten beste aukerarik. Greba deitzea erabaki "oso larria" dela azaldu du Drescherrek, "mundu osoko milioika langileri" eragingo diolako. Erabateko babesa izan du greba deialdiak, sindikatuko kideen % 98k bozkatu baitu alde.
Lan-hitzarmena berritzea eskatzen dute aktoreek. Hala nola, oinarrizko soldata handitzea, "streaming"en ordainketa bidezkoa eta adimen artifizialaren erabilera arautzea. SAG-AFTRA sindikatuak aktore guztiei eskatu die ez dezatela inolako zerbitzurik eskaini hitzarmen zaharraren baldintzetan. Gaurko protestak eta piketeak iragarri dituzte, besteak beste, Netflixek Los Angelesen duen egoitza nagusiaren atarian.
Grebara jo aurretik, egoera bideratzeko azken saiakera egin zuten atzo aktoreen ordezkariek eta AMPTP Zine eta Telebista Ekoizleen Aliantzako arduradunek. AEBko Gobernuaren bitartekariak ere joan ziren batzarrera, negoziazioak desblokeatzeko, baina ez zuten lortu. "Sinestezina den arren, ez genuen gure aktoreek merezi dutena lortu. Mahai gainean jarri zutena onartu izan bagenu, egoerak okerrera egingo zukeen", esan du Drescherrek
Agertoki honetan, aktoreek ez dituzte estreinatzeko dauden pelikulak eta telesailak sustatuko. Horrez gainera, baliteke hainbat sariketa eta jaialdi atzeratzea.