Itxi

48. edizioa

Indonesiako, Mexikoko, Ugandako, Kolonbiako eta Errumaniako ordezkariak, Portugaleteko Folklore Jaialdian

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Jaialdiaren 48. edizioa uztailaren 17tik 25era egingo dute, eta emanaldiak eitb.eus-en ikusi ahalko dira zuzenean.

Doina Timisului errumaniar taldeak parte hartuko du jaialdian, besteak beste

Portugaleteko Nazioateko Folklore Jaialdiak gaur, uztailak 17, abiatuko du 48. edizioa, Kanillako pasealekuko, Carlos VII.aren kaleko eta Puente Colgante hoteleko agertokietan, eta hilaren 25ean amaituko da, asteartean.

Jaialdiak munduko hainbat herritako kultur, folklore eta dantza taldeak bilduko ditu beste urte batez; aurten, Mexikoko, Ugandako, Kolonbiako eta Errumaniakoak, hain zuzen ere, Elai Alai Portugaleteko taldeak antolatuta. Ikuskizun guztiak eitb.eus-en ikusi ahalko dira egunero, 21:30etik hasita.  

Astelehenean egingo dute inaugurazio ekitaldia, eta herrialde guztietako ordezkariek hartuko dute parte. Asteartean, Indonesiako eta Mexikoko taldeen txanda izango da, asteazkena Ugandakoena eta Kolonbiakoena eta ostegunean Errumaniakoena eta Euskadikoena.

Parte hartuko duten taldeak Euskal Herriko beste hainbat herritara ere joango dira. Hilaren 16an, Krida Budaya Indonesiako taldea Errenterian egongo da, 18an Doina Timisului errumaniar taldea Galdakaon arituko da, eta biharamunean, 19an, Viva Chihuahuako mexikarrak egongo dira Bizkaiko udalerri horretan; Getxon, Usansolon, Sopelan, Sondikan eta Elgoibarren ere eskainiko dituzte ikuskizunak talde horiek, baita Otrora talde kolonbiarrak eta Crane Performers ugandarrak ere.