Itxi

Etxepare Institutua

'Flandria-Euskadi' kultur trukerako egitasmoa egingo dute, aurten eta 2024an

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Etxepare Institutuak antolatuta, musika, arte eszeniko, arte plastiko eta literaturaren artean batuko dituzte bi herriok, joan-etorriko ekimenean.

Lizar Begoña euskal poetak 'Transpoesie' jaialdian parte hartuko du Bruselan. Argazkia: Hiruka.

Etxepare Euskal Institutuak 'Vlaanderen-Baskenland' edo 'Flandria-Euskadi' kultur trukerako egitasmoa aurkeztu du ostegun honetan Donostian, Tabakalera zentroan, aurten eta 2024. urtean arte eszenikoen, musikaren, arte plastiko eta bisualen, literaturaren eta beste hainbat adierazpideren bitartez joan-etorriko norabidean lotzeko kultur programa.

2019an, Eskoziarekiko lankidetza garatu zuen euskara eta euskal sorkuntza garaikidearen presentzia bultzatzen duen erakundeak; Quebec etorri zen gero, 2021. eta 2022. urteetan, eta da Flandriaren txanda izango da aurten eta datorren urtean.

Kaleko arteen esparruan, astebete eta bi aste arteko lau sorkuntza egonaldi izango dira azaroan (euskal konpainiak Flandrian) eta 2024an zehar (Flandriar konpainiak Euskadin), eta Tabakalerak eta Anbereseko Morpho zentroak Gala Knörr euskal artista eta Flandriako artista bana aukeratu dituzte 2023an hiru hilabeteko egonaldia egiteko.

Halaber, 'Vertical Visions' programari esker, La Glo Zirko Dantza eta Cirkus in Beweging dantza bertikaleko konpainiek lankidetza proiektu pedagogikoa eta ikerketa proiektua abiatuko dute.

Bestalde, 'Crossing Voices' egitasmoak euskal eta flandriar musika garaikidea elkartuko ditu urritik azarora. Akartia Triok kontzertu programa sortu du, Ward De Vleeschouwerrren konpositore flandiarraren eta Mikel Chamizo euskal konpositorearen eskutik.

Gainera, 'Korrontzi Dantzan in Flanders' proiektuak euskal eta flandriar musika eta dantza uztartuko ditu urte bukaeran. Korrontzi taldeak euskal musika eta dantza tradizionala eramango ditu Flandriara, eta Muziekcentru Dranouter zentroko dantzariekin koreografia berriak sortu eta bere ikuskizunean txertatuko ditu.

Bestalde, 'Transpoesie' urtero Hizkuntzen eta Hizkuntza Aniztasunaren Europako Egunaren inguruan Bruselan egiten den literatur jaialdian, Lizar Begoña idazle bizkaitarrak hartuko du parte 2023an.

Programa, gainera, garatzen joango da, eta litekeena da jarduera gehiago batzea hauei guztiei.