Itxi

Euskal zinema

'Negu Hurbilak' filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du Locarnoko 76. Zinema Jaialdian

EITB Media

Leer en Castellano

Euskal ekoizpenak nazioarteko estreinaldia zuen egile zineman espezializatuta egoteagatik ezaguna den Suitzako nazioarteko jaialdian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Negu Kolektiboak bere lehen filma aurkeztu du Suitzako nazioarteko jaialdian, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du. Nafarroako Zubieta herrian kokatuta dago istorioa, eta arrazoi politikoengatik ihesean ari den emakume gazte baten egoera biltzen ditu filmak. 'Negu Hurbilak' Euskal Herriko eta Kataluniako ekoizpena da.

Locarnoko nazioarteko zinema jaialdiko 76. edizioko 'Cineasti dei presenti' sailean aurkeztu du taldeak bere aurreneko filma. Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak zuzendu dute Maluta Films eta Cornelius Filmsek ekoitzitako lana. Bartzelonako ESCAC zinema eskolan ikasitako kideek osatu dute Negu Kolektiboa eta hala egin dute beren aurreneko lan luzea.

Nazioarteko estreinaldia zuten Locarnon, eta bertan jaso dute aurreneko errekonozimendua: Epaimahairen Aipamen Berezia. Egile zineman espezializatuta egoteagatik ezaguna den zinema jaialdia da Locarnokoa, nazioarteko garrantzitsuenetako bat.

Kolektiboaren hitzetan, "egun hauetako esperientzia biribiltzeko modua" da epaimahaiaren aitortza: "Hemen egotea jada saria izan da, eta jaialdiak eman digun babesa, sekulakoa. Gure lehen lana hemen aurkeztea sinestezina zen, eta are sinestezinagoa da orain sari honekin itzultzea etxera. Etorkizunera begira ate asko irekiko dizkigu".

Izan ere, aurrekontu txikiarekin bi urtez egindako filma da Negu Hurbilak, Negu Kolektiboaren opera prima. Jone Laspiur da filmeko aktore profesional bakarra, eta gainontzekoak Zubietako herritarrak dira.

Bideoak (1)