EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA
Irati Iciar izango da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria, Kike Amonarrizen lekukoa hartuta
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
"Harro" eta "pozik" agertu da ardura berriarekin Iciar, baina "bertigoa" ere ematen diola aitortu du. "Oñatin jaiotako gasteiztarra" da, eta, besteak beste, "periferiako ikuskera" ekarri nahi du euskalgintzaren erdigunera.
Irati Iciar (Oñati, 1975) da gaurtik Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria, Kike Amonarrizen lekukoa hartuta. Erakundeak Ermuan egin duen ez-ohiko Batzar Nagusian hartu du kargua, gaur arratsaldean.
Ibilbide luzea du euskalgintzan Iciarrek. Besteak beste, Gasteizko Geu euskara elkarteko lehendakaria da, eta 2019tik, Topaguneko zuzendaritzako kide. Ikasketaz historialaria, Udako Euskal Unibertsitateko Etengabeko Prestakuntzako Koordinatzailea da egun.
Berria emateko zabaldu duten bideoan, Iciar "harro" eta "pozik" agertu da ardura berriarekin, baina "bertigoa" ere ematen diola aitortu du. Amonarrizen ondorengoa izatearen "erantzukizuna" handia dela esan du. "Topaguneak nigan ikusi du nirekin lan egiteko edo elkarrekin egoteko gogoa, eta lanera nator", gehitu du.
"Oñatin jaiotako gasteiztarra" da Iciar. Hala dio berak, eta "periferiako ikuskera" ekarri nahi du euskalgintzaren erdigunera. "Araba eta Gasteiz balioan jarri nahi ditut", zehaztu du.
Amonarrizek, bere aldetik, "emozio asko" pilatu zaizkiola azaldu du: "harrotasuna, ilusioa, itxaropena, baina pena pixkat ere bai". Erreleboa "naturaltasun osoz" egin dutela ere nabarmendu du. Azaldu duenez, "Topagunearen barruan guztiz naturala da urte batzuen ondoren lehendakaria aldatzea, ezinbestekoa, esango nuke". "Erakundeko kide diren elkarte ezberdinen inplikazioa suposatzen du horrek".
Hiru hilabete barru, Euskalgintzaren Topaguneak bere hirugarren kongresua egingo du, eta euskarak parez pare dituen erronken inguruan gogoeta egingo dute Euskal Herri osoko euskara elkarteek. Han zehaztuko dituzte aurrera begirako lan-ildoak eta helburuak.