HERIOTZA
Xabier Mendiguren Bereziartu idazlea eta itzultzailea hil da, 78 urte zituela
EITB MEDIA
Beti euskalgintzari lotuta, hamaika proiektutan hartu zuen parte. Besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan zen 1998tik 2010era. EITBrentzat itzulpen-lanak ere egin zituen, baita Tolstoi, Txekhov, Thomas Mann eta beste hainbat idazleren obrenak ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Xabier Mendiguren Bereziartu idazlea eta itzultzailea hil da gaur, 78 urte zituela. Ezkion 1945. urtean jaiotakoa, euskararen sustapenean aritu da ia bizitza osoan lanean, arlo ezberdinetan. Besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi izan zen 12 urtez, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975ean eta ohorezko euskaltzain 2021ean.
Ikastolak sortu ziren urteetan, hainbat proiektu didaktiko eta pedagogikotan hartu zuen parte, eta irakaskuntzarako eduki ugari sortu zuen. Iker taldearen sortzaile izan zen, eta Saioka euskarazko ikasliburuen egileetako bat.
Filosofia eta Letratan lizentziaduna, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan ere parte hartu zuen, eta Pentsamenduaren Klasikoak bildumaren zuzendari teknikoa izan zen. Halaber, Elhuyar Hiztegiaren 2013ko bertsioa sortu zuen taldeko zuzendaria izan zen, Miren Azkarate eta Xabier Kintanarekin batera.
EITBrentzat itzulpen-lanak egin zituen, eta literatura ere itzuli zuen, besteak beste Goethe, Txekhov, Tolstoi, Zweig, Günter Grass, Hermann Hesse, Thomas Mann, Charles Dickens eta Cesare Pavese idazle erraldoien lanak. Literaturatik kanpo, halaber, Nietzsche, Karl Marx eta Schopenhauer filosofoen idatziak ekarr zituen euskarara.
Gainera, Bi istorio narrazioa argitaratu zuen 1997an, baita Iparragirreren biografia bat eta zenbait saiakera ere: Europako ezker berria, Itzulpengintza: historia eta teoria, Euskal itzulpengintzaren historia laburra...
Iñaki Mendiguren anaiak Xabier gizon "diplomatiko eta baketsua" zela adierazi du Euskadi Irratian, eta ostegun arratsaldean san Inazio elizan meza izango dela azaldu du. Xabier Mendiguren Bereziartu zenaren errautsak Ezkion eta Donostian zabalduko dituzte, "bizitza hasi eta bukatu zuen tokietan".
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Mendigurenek euskararen alde egindako lana goratu du. "Euskaraz bizitzeko ahaleginean bizitza oso bat euskararentzat. Mila esker Xabier, Kontseiluari ez ezik euskara jendeoi eman diguzun guztiagatik", idatzi du X sare sozialean.