Itxi

KONTZERTUA

Rammsteinen metala ekainaren 5ean iritsiko da Donostiara

A. S. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Anoeta estadioan joko du eta sarrerak datorren asteko asteazkenetik aurrera egongo dira salgai, 62 eta 150 euro arteko kostuarekin.

Reale Arena

Rammsteinek Donostiako Anoeta estadioan joko du 2024ko ekainaren 5ean. Sarrerak datorren asteko asteazkenean jarriko dira salgai, 11:00etan, eta 62 eta 150 euro arteko salneurria izango dute. Guztira, 42.000 sarrera jarriko dira salgai.

Alemaniako taldearen ikuskizuna 2024an iritsiko da Europara, Europe Stadium Tour izenpean. Aurreratu duenez, bira dramatismoz eta su ikuskizunez beteta egongo da, eta hiri ugari bisitatuko ditu, tartean, Donostia eta Bartzelona.

Bi kontzertuetarako sarrerak urriaren 18an jarriko dira salgai: 11:00etatik aurrera erosi ahal izango dira, doctormusic.com eta entradas.com webguneen bidez. Sarreren prezioa 92 eta 150 eurokoa izango da pistako sarreretarako, eta 62, 66, 89, 99 eta 129 eurokoa harmailetarako (banaketa gastuak ez dira barne hartzen).

LIFAD Rammsteinen zaleen nazioarteko taldeko kideek 48 ordu lehenago erosi ahal izango dituzte sarrerak. 

Zortzi urte dira metal industrialeko taldea azkenekoz Gipuzkoako hiriburuan izan zela, baina alemaniarren rocka datorren urtean itzuliko da Donostiara.

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, "kontzertu handiak" berriro dira Donostian, Anoeta estadio berrian kasu honetan. Horren esanetan, kontzertu horrek balioko du instalazioa "behar den bezala" inauguratzeko. Halaber, musikaz gozatzeko "aukera paregabea" dela eta estadioa leporaino beteko dela uste du.