Itxi

Zinema jaialdia

Francois Ozon eta Carlos Sorin, Zinemaldiko Sail Ofizialean

Gainera, Barbara Albertek, Ziad Doueirik eta Emily Tangek ere lan berriak aurkeztuko dituzte irailaren 21etik 29ra bitartean, Donostiako Zinemaldian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostia Zinemaldiaren 60. edizioko antolatzaileek jakinarazi dutenez, Barbara Albert, Ziad Doueiri, François Ozon, Carlos Sorin eta Emily Tang zuzendariak lehiatuko dira  Sail Ofizialean.

Donostia Zinemaldia azken lanak aurkeztera etorritako nazioarteko zinemagile ospetsuen bilgune bilakatuko da aurten ere. Austria, Libano, Frantzia, Argentina eta Txina aldeko zuzendariak elkartuko dira Urrezko Maskorra lortzeko. Laster iragarriko ditugu Sail Ofizialean lehiatuko diren gainerako filmak ere.

Hauek dira gaur aurkeztu duten Sail Ofizialean lehiatuko diren filmak: 



"All apologies", Emily Tang (Txina)
Emily Tang (Perfect Life) zuzendari txinatarraren hirugarren filma. Bere semea istripu batean galdu ondoren, Cheng-ek Zhen-i, gidari errudunaren emazteari, beste ume batekin konpentsatu dezan eskatzen dio. Auzitegiko epaiak, medikuko fakturak eta Cheng-en jarrera mehatxagarriarekin estututa, Zhen-ek erabaki ezmoral baten paradoxei aurre egin behar die.


"The Attack", Ziad Doueiri (Libano-Frantzia-Qatar-Belgika)
Zaid Doueiri (West Beirut, Lila dit ça) zuzendari libanoarraren hirugarren filma Yasmina Khadra idazlearen nazioarteko best-sellerraren egokitzapena da. Aipatutako liburua Frantzian argitaratu zen 2006an, eta berrogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute. Jatorri palestinarreko kirurgialari israeldar baten emazteak atentatu suizida bat egin eta hemeretzi lagun hilko ditu. Poliziak gertatutakoaren jakitun egiten duenean, kirurgialariari sortzen zaion dilema morala izango du ardatz filmak.


"Dans la maison", François Ozon (Frantzia)
François Ozon zinemagile frantziarra berriro etorriko da Donostiara (2000an, Sail Ofizialean lehiatu zen Sous le sable filmarekin, eta, 2009an, Le Refuge obrarekin Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen). Irakasle baten eta ikasle baten arteko harremanei buruzko filma da Dans la maison. Joko azkar honetan, errealitateak eta fikzioak bat egiten dute nahasteraino; ez dakigu gazteak zer asmo ilun dituen edota noraino iritsiko diren bere azpijanak.


"Días de pesca", Carlos Soria (Argentina)
Carlos Sorín argentinarrak laugarren aldiz parte hartuko du Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean. Aurretik, Historias mínimas filmarekin (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2002an, 50. edizioan), Bombón, el perro lanarekin (FIPRESCI saria, 2004an) eta El camino de San Diego pelikularekin (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2006an, 54. edizioan) parte hartu zuen. Film berriaren protagonista Marco da, 50 urteko alkoholiko ohia. Desintoxikatzeko, zaletasun bat bilatzea iradokiko diote: arrantza aukeratuko du, eta, horretarako, Patagoniako herri txiki batera joango da. Bertan bizi da, hain zuzen, bere alaba, aspaldi ikusi ez duena.


"Die lebenden/ The dead and the living", Barbara Albert (Austria-Polonia-Alemania)
Barbara Albert (Nordland, Fallen) Austriako errealizadore entzutetsuenetako bat da. Film honetan, II. Mundu Gerrara egindako iraganerako bidaia bat kontatuko digu, bai eta egungo Europako gizartearen amildegirako bidaia ere, Sita 25 urteko gazte baten bizi esperientziaren bitartez. Berlinetik Vienara eta Varsoviatik Errumaniara doan ibilbidean, norberaren nortasuna galtzeari eta ezagutzeko beharrari buruz hausnartuko du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)