Arriagan, abenduaren 3an
Tanttaka konpainiak "Esnearen kolorekoa" antzezlana estreinatuko du
N. V. | EITB Media
Bilbon, Arriaga antzokian, oholtzaratuko dute lehenengoz, abenduaren 3an, Nell Leyshon idazle britainiarraren eleberriaren egokitzapena.
1830eko Ingalaterran, Mary, esne koloreko ilea eta hanka batean arazo fisiko bat dituen neskatoa, baserri batean bizi da familiarekin. Familia txiroko giro itogarritik ihes egitea lortuko du, bikarioaren etxean neskame gisa zerbitzatzeko, baina beste zapalkuntza batzuei kateatuko zaizkio han. Idazketan hartuko du babesa orduan, eta bere istorioa kontatzeko ahalmena baino ez zaio geratuko.
Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, taula gainera Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz aktoreak igoko dira.
Igandean, abenduak 3, 19:00etan, euskaraz estreinatuko da Esnearen kolorekoa, Arriagan, eta datorren asteko asteartean eta asteazkenean, abenduaren 5ean eta 6an, Del color de la leche estreinatuko da, gaztelaniaz.