Itxi

58. edizioa

Atzerako kontaketa hasi da Durangoko Azokak ateak irekitzeko

I. R. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Abenduaren 6tik 10era bitartean, euskal liburu eta disko azokak 265 ekitaldi, 950 nobedade eta 257 erakusmahai izango ditu.

Muntaketa- eta atontze-lanak amaitzar daude Landako Gunean. Argazkia: Durangoko Azoka

Landako Gunea eta gainerako eremuak atontzeko lanak erritmo bizian ari dira egunotan asteazkenean, hilaren 6an, Durangoko Azokari hasiera emateko. Hain zuzen, inaugurazio ekitaldia 12:00etan egingo dute, Szenatokian (San Agustin kulturgunean). Bertan, antolatzaileek eta erakundeetako ordezkariek hartuko dute hitza, eta sormenak ere bere lekua izango du, dantza, pintura eta musika uztartzen dituen DAMA arte performacea estreinatuko baitute Amaia Lejarreta artista plastikoak eta Janire Etxabe dantzari bertikalak.

Aurtengo egitarauak 265 ekitaldi hartuko ditu, "zein baino zein interesgarriagoak", eta, aurkezpenean iragarri zuten bezala, ekintza sorta "anitza, aktuala eta gaztea" izango da, lehenengo egunetik hasita.

Asteazkenean, inaugurazio-ekitaldiaren ostean, gunez gune askotarikoak topatuko ditu bisitariak. Hala, esaterako, Ahotseneako solasaldien gunean (Musika Eskola), Esti Martinezek, Oihane Amantegik eta Bernardo Atxagak liburuak aurkeztuko dituzte; Ahotseneako zuzenekoetan (Plateruena), Nogen taldearen folk-rocka eta Esanezin proiektuaren pop melodikoa entzun ahalko dira, baita fantasiaz betetako Yogurinha Borovaren kontzertua ere.

Irudienean, dokumentalek hartuko dute protagonismoa, Gure Zirkuari buruzko lanaren aurrestreinaldiarekin, Bidasoa 2018-2023 filmaren solasaldiarekin eta Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat dokumental historikoaren emanaldiarekin.

Kabia plaza digitalean, bertaratuko direnek teknologia berrien eta errealitate birtualaren munduan murgiltzeko aukera izango dute, eta Saguganbaran imajinaziorako txokoa izango dute haurrek eta familiek. Azkenik, arte eszenikoen Szenatokian (San Agustin kulturgunea), Taulelak konpainia durangarrak Euskaldungak obra estreinatuko du, eta Mikel Martinezen bakarrizketak umorez jantziko du aretoa.

Gainera, udalerriko hamaika txokotan zehar erakusketa eta ekimen ugari ere topatu ahal izango dira asteazkenetik aurrera. Aipagarrienetako bat Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen erakusketa izango da, 80 artistaren 200 bat eskultura jasoko dituena. Elkarte horren lokalaren aurrean, Mikeldi obraren egurrezko erreplika bat jarriko dute, lau metroko altuerakoa; astelehen honetan hasi dira hori eraikitzen Durangoko Institutuko Arte Ederren Batxilergoko ikasleekin batera.

Garraio publikoa

Auto-pilaketak saiheste aldera, Durangoko Azokaren antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeok gomendioa egin dute. Hala ere, Durangora heltzeko autoa erabiliko dutenentzako ere doako autobus zerbitzu bat jarriko dute aukeran, Iurretako autopista irteerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino.

Autobus zerbitzua azokaren lau egunetan egongo da erabilgarri, 10:00etatik 20:00etara arte, ordu erdian behin. Durangoko Azokaren ordutegia 10:30etik 20:00etarakoa izango da, baina azken egunean 18:00etan itxiko da.