Dantza
Filipe Oihanburu dantzari eta koreografoa zendu da
N. V. | EITB Media
102 urterekin hil da Oihanburu, Biarritzeko bere etxean, Etorki kantu eta dantza taldearen sortzaile eta zuzendaria.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Filipe Oihanburu dantzari, koreografo, musikari eta idazlea zendu da, Biarritzen, 102 urte zituela. Haurtzaroa Montevideon eta Parisen pasatu eta gero, Oihanburuk Biarritzen ezarri zuen bizilekua 1939an. 1944tik aurrera Oldarra taldea (Olaeta izena izan zuen lehenengo) zuzendu zuen, eta 1953an Etorki ballet eta abesbatza sortu zuen, "30 urteko abentura handi bat", Eneko Bidegain kazetariak "Bidegileak" bilduman Oihanbururi eskainitako alean esaten denez.
Nazioarte mailako hainbat bira egin zituen Etorkik (Amerika, Londres, Sobietar Batasuna, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Iran, Belgika…), diasporaren gosea elikatuz askotan, Oihanbururen piezak oholtzaratzen.
Etorkiren bidea bukatutakoan, irrati esatari lanetan ere jardun zen Oihanburu, eta 1984an euskal deituren hiztegia argitaratu zuen. 1992an, bere izena daraman abesbatza amateurra sortu zuen.
2021ean, ehun urte bete zituenean, Biarritzeko Urrezko Domina eman zioten.