Itxi

Street Art Cities

Ondarroako horma-irudi bat, munduko hiru onenen artean

Agencias | EITB Media

Leer en Castellano

Maias Mata artista kanariarrak egindako lanak inpaktu sozialaren atalean irabazi du.

Maias Mataren horma-irudia, Ondarroan. Argazkia: Street Art Cities

Sabotaje al Montaje ezizenez ezaguna den Maias Mata kanariar artistak Ondarroan (Bizkaia) margotutako "Oda al matriarcado vasco" murala munduko onena izendatu dute inpaktu sozialaren kategorian, Street Art Cities plataformak antolatutako nazioarteko lehiaketa batean.

"Hiriko artxibo historikoko argazkiekin lan egin dut arrantzale herri honetako matriarkatua eta emakumee lana irudikatzeko, Euskal Herriko koloreekin", azaldu zuen artistak.

Urtza Alkorta Ondarroako alkateak azaldu duenez, lanak "emakumeak kostaldeko herri honetan duen presentzia handia" islatzen du; izan ere, marinelak itsasora ateratzen diren bitartean, emakumeak dira "familia, etxea eta herria bera" aurrera ateratzen dituztenak.

Saritutako sorkuntzan erabilitako kolore gorri, zuri eta berdeen bidez adierazi nahi izan du artistak udalerri horren berezitasuna.

Udalak bultzatutako ekimen baten barruan egin du murala Matak, hain zuzen ere herriko fatxadetan marraztutako lanekin "aire zabaleko museoa" sortu nahi baitu Udalak. 

Alkateak azaldu duenez, Udalak urtero bi artistaren egonaldiak ordaintzen ditu -horietako bat, gutxienez, emakume bat-, eta horiek herrian egoten diren biteatean elkarteekin eta bizilagunekin jartzen dira harremanetan, herriaren izaera eta egunerokoa gertutik ezagutzeko.

Alkateak azaldu duenez, herritarrak "pozik" daude ekimen horrekin, lehen "ia jenderik ez zebilen zenbait kaletan" orain bisitariak ikusten direlako.

Munduko lanik onenaz gain, Ondarroako kaleetan egindako beste pintura bat, Djoels artista flandestarraren erretratua, 2023ko munduko berrogeita hamar horma-irudi onenen artean aukeratu dute.

2022ko sarietan, Murales Lianek Ondarroan udal-programa beraren barruan sortutako "Rederas" lana munduko 100 grafiti onenen artean hirugarren postuan geratu zen.

Gainera, Nexgraff artista pasaitarraren bi lan leihatu dira aurtengo mundu mailako sariketa honetan: "Granddaughter and grandmother in a garden" Ibarran margotua eta izenbururik gabeko beste mural bat, Baionako Zizpa gaztetxean margotua.