KULTUR-EKITALDIAK
17.235 kultur ekitaldi eskaini ziren iaz EAEn, aurreko urtean baino % 6 gehiago
EITB MEDIA
Batez ere, kontzertuak (5.569) eta antzerki emanaldiak (4.562) programatu ziren. Musika emanaldien % 27 izan ziren euskaraz, eta antzerki ikuskizunen % 41. Bertso-saio kopuruari dagokionez, aurreko urtean baino % 9 gutxiago egin ziren.
17.235 ekitaldi programatu ziren 2023an Euskal Erkidego Autonomoan, aurreko urtean baino % 6 gehiago. Bereziki, kontzertuak (5.569) eta antzerki-ekitaldiak (4.562) eskaini ziren, eta horietatik, % 27 eta % 41 izan ziren euskaraz, hurrenez hurren. Kultur-diziplina guztietan hazi egin zen emanaldi kopurua, aurreko urteko datuekin alderatuta, bertsolaritzan eta antzerkigintzan izan ezik: bertso-saio kopuruak % 9 egin zuzen behera, eta antzerki ikuskizunek, % 2,8.
'EAEko kultura programazioaren azterketa. 2023. urtea' txostena argitaratu du gaur Kulturaren Euskal Behatokiak, eta ondorioetako batzuk horiek dira. 2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan programatutako kultur-ekitaldien datuen azterketa egin da —Kulturklik atariaren agendan jasota daudenak hartu dituzte kontuan—. Ekitaldi motaren, hizkuntzaren edota eskaini den lurraldeari buruzko informazioa eta alderaketa jaso dira.
Aipatu bezala, musika-emanaldiak antolatu ziren gehien, 5.569 guztira, aurreko urtean baino % 6 gehiago. Horietako % 27tan euskara izan zen erabili zen hizkuntza. Bizkaian programatu ziren kontzertu gehienak.
Antzerkiari dagokionez, berriz, 4.562 ekitaldi programatu ziren, 2022an baino % 2,8 gutxiago. Emanaldi horien erdia baino gehiago, Bizkaian. Funtzioen % 44,1 gaztelaniaz izan ziren eta % 41,2 euskaraz. Taularatutako funtzioen % 43 haurrei edota familiei zuzenduta zeuden.
Gainerako disziplinei dagokienez, 845 dantza-emanaldi (% 8,3 gehiago) eta 1.233 erakusketa eskaini ziren ( % 7,3 gehiago). Bertso-saioak izan zira gehien jaitsi zirenak: 1.065 antolatu ziren, aurreko jardunaldian baino 105 emanaldi gutxiago.