Itxi

Euskal zinema

Michel Gaztambide gidoilariak jasoko du 2012ko Zinemira saria

Erredakzioa

Halaber, omenaldia egingo diote belodromoan Antxon Ezeiza zenari. Aurten, EAEko zortzi film luze proiektatuko dira, eta EITBk 'Gernika bajo las bombas' lana estreinatuko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Michel Gaztambide gidoilariak jasoko du 2012ko Zinemaldiko Zinemira saria. Halaber, omenaldia egingo diote Antxon Ezeiza zinemagilea zenari. Belodromoan izango da, irailaren 29an.

Asteazken honetan, 2012ko Zinemaldian ikusgai izango diren euskal pelikulak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan, eta omenduko dituzten euskal zinemako bi izen handien berri ere eman dute.

Vacas, No habrá paz para los malvados... filmetako gidoilariari, Zinemira saria

Aurten Michel Gaztambide gidoilariak jasoko du euskal zinemagintzan egindako ibilbidea aitortzen duen Zinemira saria. Gaztambidek Julio Medem (Vacas, 1992) eta Enrique Urbizu (La caja 507, 2002; La vida mancha, 2003; No habrá paz para los malvados, 2011) zuzendariekin egin du lan gidoilari gisa, eta Chatarra (Felix Rotaeta, 1991), Santa Cruz, el cura guerrillero (Jose Maria Tuduri, 1991), Un poco de chocolate (Aitzol Aramaio, 2008) eta El idioma imposible (Rodrigo Rodero, 2010) filmen gidoiak ere idatzi ditu.

Bere azken lana, Iñaki Elizalderen Baztan filmeko gidoia, Zinemaldiaren 60. edizio honetan Zabaltegi Bereziak sailean aurkeztuko dute. Irailaren 23an jasoko du Gaztambidek Zinemira saria, Bataplan dantzalekuan egingo duten Euskal Zinemaren Jaian.

Ezeizaren Ikuska 20, belodromoan

Zinemaldiaren edizio hau berriki zendu den Antxon Ezeiza zuzendariari eskaini nahi diote antolatzaileek, eta donostiarraren Ikuska 20 film laburra belodromoan eskainiko dute, irailaren 29an.

Antxon Ezeiza (1935-2011) zinemagileak Elias Querejetarekin egin zituen lehenengo dokumentalak, A traves de San Sebastian (1960) eta A traves del futbol (1962), baita lehenengo film luzea ere (El proximo otoño, 1963). Espainiako Zinema Berria izenarekin ezagun den mugimenduko kide garrantzitsuenetako bat da askorentzat, eta lan oso ezagunak egin ditu; besteak beste, El ultimo encuentro (1967), De cuerpo presente (1967) eta Las secretas intenciones (1970). Mina, tiempo de libertad (1976), El complot mongol (1978), Ke arteko egunak (1990) (Zinemaldian eta A kategoriako lehiaketa batean euskaraz aurkezturiko lehenengo filma) eta Felicidades Tovarich (1995) filmak ere zuzendu ditu.

Hainbat urtez erbestean izan ondoren, 1977an Euskal Herrira itzuli eta ahalegin handia egin zuen ''egiazko euskal zinemagintzaren oinarriak'' ezartzeko, eta, horren harira, Ikuska proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Proiektuak euskaraz filmatutako hogei film labur dokumental biltzen zituen. Gainera, haietako batzuk berak zuzendu zituen, tartean belodromoan emango duten Ikuska 20. Ezeiza denbora luzez egon zen Donostiako Zinemaldiari lotuta: Lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kide gisa, hautezpen koordinatzaile lanetan, Kontseiluko kide moduan eta baita kolaboratzaile gisa ere.

2003an, Zinemaldiaren 51. edizioan, Ama Lur saria jaso zuen, bere ibilbide osoa aitortzeko.

Zortzi euskal film luze, horietatik sei estreinaldiak

Aurten zortzi euskal film hautatu dituzte Zinemira sailean. Horietatik sei estreinaldiak dira: Pura vida, En un paisaje imaginado, Hitz beteak, Mariposas en el hierro, Mur-Mur eta To say goodbye. Sei lan horiek hautagai dira Serbitzu Saria irabazteko, eta, aurten, gainera, Zinemaldiko beste edozein sailetan aurkeztuko diren euskal ekoizpenek ere sari hori irabazi ahal izango dute.

Halaber, aurretik estreinatutako Camera Obscura y Aita Zombia Naiz lanak ere eskainiko dituzte Zinemiran, Panorama atalean.

EITBk, bestalde, Gernika bajo las bombas lana estreinatuko du aurtengo edizioan, Zinemira sailaren barruan. Euskal zinemari eskainitako Zinemira sailak EITBren babesa du.


Albisteak (5)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)