Itxi

Elkarrizketa

"Txundigarria iruditzen zait hausnarketa indibidualari begirada pertsonal, politiko eta sozialaz heltzea"

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Ostegunean, hilak 11, Tanttaka konpainiak "Lucha y metamorphosis de una mujer" eleberriaren egokitzapena estreinatuko du Donostian, Fernando Bernuesek zuzendua eta Eneko Sagardoy protagonista dela, askapen baten historia.

Fernando Bernués, "Lucha y metamorfosis de una mujer" antzezlanaren zuzendaria

Tanttaka antzerki konpainiak proiektu berria estreinatuko du ostegunean, apirilak 11, Victoria Eugenia Donostiako antzokian. Lan honetan, Édouard Louis (Hallencourt, 1992) frantziar idazle ezagunaren unibertsoan murgildu da Tanttaka, eta, hartara, zorrotz begiratu dio, Louisen buru-begietatik, langile klasea zeharkatzen duen indarkeriari; herri xeheak pairatzen duen biolentziari nagusiki, noski, baina baita horrek eragiten duen indarkeria autosuntsitzaileari ere, bigunkeriari zirrikiturik uzten ez dion diskurtso ausart, zintzo eta autokritikoan.

Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta Eneko Sagardoy aktorea protagonista dela, Lucha y metamorfosis de una mujer (2021) eleberriaren egokitzapena aurkeztuko du antzerki konpainiak, lehenik gaztelaniaz; udazkenean iritsiko da Emakume baten borroka eta metamofosia. Narratzailearen ahotik, patriarkatuaren eta prekarietatearen mende egon eta gero "halako batean bere bizitza etorkizunean jokatzen" hasi zen emakume baten emantzipazio ez-perfektua jasoko dugu.

Bernuesen ahotsetik, gehiago jakingo dugu lan honetaz, ez dakigun zerbait argitu baino gehiago, badakigun baina ikusi nahi ez dugunaren aurrean jartzen gaituen antzezlanaz. 

Zergatik aukeratu Édouard Louis eta zergatik Combats et métmorphoses d'une femme?

Hasieratik erakarri nau Édouard Louisen ikuspegiak, literaturari, fikzioari eta autofikzioari ekiteko duen moduak. Qui a tué mon père bere eleberriaren bertsio bat egitekotan izan ginen, baina pandemiak proiektua geldiarazi zuen.

Gero Combats et métmorphoses d'une femme agertu zen eta are gehiago erakarri ninduen. Txundigarria iruditzen zait hausnarketa indibidualari begirada pertsonal, politiko eta sozialarekin heltzeko gizon honek duen ideia.

Ez da ohikoa dagokion klasetik haratago egiteko aukera, igogailu soziala deritzon hori martxan jartzeko abagunea, izan duen norbaitek aitortzea berak ere erantzukizuna duela bere amaren bizitza hondatzeko bidean, konplizea izan dela amak urte askoan jasan duen indarkerian, ahaztu gabe Louisek berak ere jasan zuela indarkeria, ume inadaptatu, prekarizatu eta homosexuala izan zenez.  

Nolakoa izan da testua liburutik oholtzara eramateko lana?

Harkaitz Canok laburtu eta destilatu du istorioa. Kontzeptu aldetik, ez dugu gauza handirik egin behar izan; eleberria trinkotu egin dugu, ze, nahiz eta hau laburra den,  eleberriek beti izaten dute antzerkiak bereganatu dezakeen baino luzera handiagoa.

Gainera, funtsera jo nahi genuen, Édouard Louisen idazkeraren ezaugarrietako bat iruditzen baitzait hori: eleberri ez oso luzeak idazten ditu, baina oso zorrotzak arlo pertsonalari eta politikoari dagokienez.

Harkaitzek lan ederra egin du istorio osoa berrogeita hamar bat minutuko pieza labur batean jasotzeko. Uste dut egokitzapenak ondo baino hobeto biltzen duela eleberria.  

Eszenako zuzendaria zarenez gero, nola irekitzen da fokua amak, protagonistaren monologoaren hartzaileak, agertokian bere tokia aurki dezan?

Egia da Lucha y metamorfosis de una mujer lehen pertsonan dagoela idatzita. Édouard Louisek berak hitz egin eta pentsatzen du bere amaren eraldaketaren inguruan, ausazko gertakari batetik abiatuta. Baina elkarrizketa bat dago begirada horren atzean, erabat presente dago ama.   

Amaren presentzia hil edo bizikoa iruditzen zitzaidan. Horregatik ekarri dugu eszenara pilo bat gustatzen zaidan ideia  bat: amak askoz gutxiago hitz egiten du, bai, baina haren lehen plano bat uneoro ageri da oholtzan, bi pantailatan.

Amaren ikus-entzunezko presentzia oso agerikoa da ikuslearentzat, eta Édouard Louisen iruditeria erakusten du.

Emakume protagonistak subjektu politikoa den kontzientzia hartzen duenean abiatzen da Édouard Louisek kontagai duen metamorfosia. Zer zeregin dute antzerkiak eta arteek oro har herritarrek kontzientzia hartzeko prozesuan?

Nire ustez, besteren aurrean jartzeko balio dute arteek eta kulturak; beste errealitate batzuetara gerturatzeko eta bizitzaren gaineko begirada sozial eta kolektiboa emateko.

Ez da erraza arteen bidez munduan modu didaktiko edo pedagogiko argian esku hartzea, baina uste dut oso eragile baliagarriak direla beste errealitate eta amets batzuk partekatzeko eta egunerokoan bizi ditugun errealitate gertukoak zeharkatzeko.

Beste pertsona batzuen larruan zein beste egoera eta gatazka batzuen aurrean jartzen gaituzten espazio eder eta gogoetarako guneek nork bere buruaren kontzientzia hartzeko balio dute, eta pentsamendu intimo horrek erabakiak aktiba ditzake gure barnean.  

Beste errealitate batzuk jasotzearen ondorioz, bakoitzak gogoeta egin dezake bere historiaren inguruan, eta erabakiak hartu.

Eneko Sagardoy, 'Lucha y metamorfosis de una mujer' lanean

Autobiografiaren, autofikzioaren eta fikzioaren arteko muga lausoan mugitzen da eleberria. Nola zaintzen du oreka obraren egokitzaileak, idazlearekiko konpromisoaren eta narratzailea eta idazlea banatu beharraren artean?

Bada, Frantzian eztabaidak sortu dira Édouard Louisen obraren sinesgarritasun mailaren inguruan, dena oso ikuspegi autobiografikotik baitago idatzita eta irakurleak ez baitu zalantzan jartzen kontatzen dena egileari gertatu zaiola. Horren arrazoia idazle handiek irakurleengan bulkada hori sortzeko duten ahalmena ere bada; badago gizon baten eta lehoi baten arteko topaketa maisutasunez helarazteko gauza denik, sekula lehoi bat ikusi gabe ere.

Kasu honetan, alderik azalekoena iruditzen zait hori. Louisek gogoeta bat planteatzen du, bizi izan zuen indarkeriari buruzkoa zein igogailu sozialaren bidez berari berez ez zegokion klase ertaineko espazio bat betetzeko egin duen bideari buruzkoa. Zirraragarria eta oso iradokitzailea da.  

Dena benetan gertatu ote zen gorabehera, liburuak fikziotik eta autobiografiatik zenbat duen gorabehera, dena da egiatia eta sinesgarria. Egokitzaile gisa, egileak proposatzen duenari fidel jokatzen saiatzen naiz beti, liburuak interesatzen zaizkidanean. Ez dugu ezer berrasmatu nahi, baizik eta eleberria gramatika eszenikotik berridatzi.

Konfiantza dut eleberria irakurri duten guztiek ikusiko dutela eszenan jarri duguna Édouard Louisek kontatzen duena dela, antzerkira ekarrita.

Irailean, antzezlanaren euskarazko bertsioa iritsiko da. Zer aurreratu diezagukezu?

Bai, hala da. Bi bertsioak batera ez egitea erabaki genuen, lehenengo bat eta gero bestea egitea, bakarrizketa oso sakon eta gogorra delako aktorearentzat.

Danele Sarriugartek itzuli du frantsesetik euskarara zuzenean.