Itxi

OPERA

Tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu ABAO Bilbao Operak bere 73. denboraldian

EITB MEDIA

Urriaren 19an abiatuko da denboraldi berria, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, "estreinaldiz beteta" eta "lan handiekin" dator. Besteak beste, Pucciniren heriotzaren mendeurrena ospatzeko, 'Il Trittico' taularatuko du ABAOk, bere historian lehen aldiz.

"Enperadorearen jantzi berria" opera. Argazkia: ABAO

"Denboraldi honetan, XIX. mendeko erromantizismo berantiarraren eta erromantizismo ostekoaren ereduen tradizio unibertsala eta XX. mendeko modernotasun ebolutiboa izango dira ikusgai, komedia, verismo eta drama erregistroekin". Modu horretan aurkeztu dute gaur ABAO Bilbao Operaren 73. denboraldia. Urriaren 19an hasiko da Donizettiren 'Don Pasquale' obra taularatuz.

Bilbon egin duten agerraldian, Juan Carlos Matellanes eta Cesidio Niño ABAO Bilbao Operako presidenteak eta zuzendari artistikoak, hurrenez hurren, azaldu dituzte denboraldi berriko xehetasunak. Horien hitzetan,  "eskaintza artistiko zabalaz gain, dibulgazio saio gehiago eta gizarte programa anitza" jaso dute egitarauan.

'Liluragarriki opera' goiburupean, nazioarteko abeslari entzutetsuenak eta estreinaldi sonatuenak iritsiko dira Bizkaiko hiriburua.  "Estreinaldiak, ekoizpen berriak eta koprodukzioak, kalitate gorena lortzeko etengabeko ahaleginean, bazkideak eta zaleak liluratzeko asmoz", esan dute. 

Zure interesekoa izan daiteka: ABAO Bilbao Opera 2024-2025 programazioa

Eskainiko diren operen eta ikuskizunen artean, nabarmentzekoak dira 'Don Pasquale' eta 'Il Trittico' obretarako ABAOk ekoitzitako lan berriak. Halaber, berriro 'Otello' taularatuko da, hori ere, ABAOren ekoizpen propioa.

Carlos Alvarez, Angeles Blancas, Karita Mattila, Chiara Isotton, Gwyn Hughes Jones, Oksana Dyka, Silvia Tro Santafe, Ismael Jordi, Jorge de Leon edota Ermonela Jaho dira denboraldi berrian Bilbon entzun ahal izango diren ahots handienetako batzuk.

Horrez gain, ABAO Txikiren egitaraua ere nabarmendu du Matellanesek. Aurten bi hamarkada beteko dituen ekimenak, lau ikuskizun handi taularatuko ditu adin guztietako herritarrentzat. "Horietako hiruk eskola-saioak izango dituzte, ABAOk prestakuntzarekin, musika-hezkuntzarekin, eta haurrekin eta familiekin duen konpromisoa berresteko", erantsi dute. 

Opera "gizarte osoari hurbiltzeko konpromisoarekin", abonamenduen eta ohiko sarreren prezioak merketu egingo dira, hainbat modalitatetan.