Saria
Dustin Hoffman, bosgarren Donostia Saria
Aktore estatubatuarrak itxiera ekitaldian jasoko du saria, irailaren 29an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dustin Hoffman aktore estatubatuarrak (besteak beste "Graduatua", "Tootsie", "Rain Man" eta "Kramer Krameren aurka" filmetan egindako lanagatik da ezaguna) Donostia saria jasoko du, Zinemaldian.
Aktoreak zuzendutako lehendabiziko lanak itxiko du Zinemaldia: Quartet.
Bosgarren Donostia saria izango da aurtengo edizioan, John Travoltak, Tommy Lee Jonesek, Oliver Stonek eta Ewan McGregorrek ere jasoko baitute.
Hollywoodeko aktore ospetsuak bi Oscar irabazi ditu, eta ibilbide ezin hobea egin du zinemaren munduan. Horregatik egingo diote omenaldia Donostian.
Quartet Beecham House erretiratutako opera abeslarientzako egoitzan kokatuta dago. Reggiek, Wilfek eta Cissiek kontzertu bat antolatzen dute urtero, Giuseppe Verdiren urtebetetzea ospatzeko. Halako batean, paziente berri bat iritsiko da egoitzara: Reggieren emazte ohia, Jean. Eta lehengo bizimodu lasaia aldatuko du horrek. Onartuko al du beraiekin laukotea osatzea, kontzertuan parte hartzeko? Osatzen ote ditu denborak garai bateko zauriak?