Ondarea
Arabako Aldundiak ez du Kexaako "pergaminoen" enkantean parte hartuko
N. V. | EITB Media
Kultura diputatuaren ustez, "gehiegikeria komertziala" da Christie's etxeak gaur enkantean jarriko dituen txatalei "Kexaako Biblia" deitzea.
Arabako Foru Aldundiak ez du parte hartuko gaur, asteartearekin, Christie's etxeak Kexaako "pergaminoak" 35.000 euroko lehen prezio batean saltzeko antolatu duen enkantean, Kultura diputatuaren esanetan "erostea garestia izango litzatekeelako, ondare balioarekin alderatuta". Izan ere, "prezio hori ez dator bat balio historiko eta kultural hutsarekin, baizik eta Erdi Aroko miniaturen bildumagintzaren merkatuko prezioekin, zeinak ez baitira arlo publikoaren interesekoak".
Hori azaldu dute, prentsaurreko batean, Ana del Val Kultura eta Kiroleko Saileko foru diputatuak, José Antonio Sáenz Varela Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuaren buruak, Mª Ángeles Isasi Kexaako Administrazio Batzordeko lehendakariak eta Luis Padura Kexaako multzoan adituak.
"Dokumentu horri Kexaako Biblia esatea, beraz, nolabaiteko gehiegikeria da, eta zerikusi handiagoa du enkante etxearen merkataritza estrategiarekin dokumentuaren ondare errealitatearekin baino, eta, hortaz, guk enkantean jarritako pergaminoak deritzogu", adierazi du Del Valek.
Christie's-ek 64 pergamino jarriko ditu gaur enkantean, Del Valek azaldu duenez, Bilblia gotiko bati dagozkionak, 2016an eta 2017an enkantean jarri ziren beste batzuk bezala. Biblia hori, ziurrenik, XIII. mendearen bigarren erdialdean egin zen, oraindik identifikatu gabe dagoen monasterio eskriptorio batean, baina ez Kexaan, horrek ez baitzuen eskriptoriorik.
"64 pergamino orri horiek Kexaan egon ziren XVII. eta XIX. mendeen artean, baina ez komentuan, baizik eta komentuko prokuradore bulegoan, priorearen izenean kontuez arduratzen zenaren bulegoan. Han bulegoko material gisa erabili zituzten, koadernatua deseginda, askotariko dokumentazioa gordetzeko karpeta gisa", azaldu du.
Amaitzeko, Del Valek gogora ekarri du foru erakundea 700 orrialde zituen jatorrizko Bibliaren 22 pergaminoren jabe dela oraindik.