Kargatzen...
Itxi

Hegoaldean

2006an jaiotakoek Kultur Bonua eska dezakete

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

2024an 18 urte bete dituzten edo beteko dituzten Hegoaldeko herritarrek 400 euroko aurreordainketa txartela izango dute, eskatuz gero, kultura produktuetan gastatzeko.

100 euro produkutu fisikoetarako, 100 digitaletarako eta 200 arte eszenikoetarako. Argazkia: Efe.

2024an 18 urte bete dituzten edo beteko dituzten Araba, Bizkai, Gipuzkoa edo Nafarroako herritarrek gaurdanik eska dezakete Espainiako Kultura Ministerioaren Kultur Bonua, 400 euroko txartel bat eskuratu eta diru hori kultura gaietan gastatzeko, formatu fisikoan, digitalean zein arte eszenikoen ikuskizunetan dela.

Kultur Bonua www.bonoculturajoven.gob.es webgunean eskatu beharko da, irailaren 16a baino lehen. Dirulaguntza hori jasotzeko moduan daude aurten 18 beteko dituzten espainiar nazionalitatedunek, bertan behin-behinean bizi direnek, asilo-eskatzaileek, aldi baterako desplazatuek edo tutoretzapeko ohiek.

Onartutakoan, Bonua urtebetez erabili ahalko da, programan izena emanda dauden 3.300 saltokietan.

Honela banatzen da 400 euroko laguntza: 200 euro zuzeneko arteetarako, kultura ondarerako eta ikus-entzunezko arteetarako; 100 euro euskarri fisikoko kultura produktuetarako (liburuak, aldizkariak, bideojokoak, CDak…) eta 100 euro kontsumo digitalerako edo lineako kontsumorako (plataformetarako harpidetzak edo alokairuak, prentsa digitala…).