Itxi

Izaskun Arrue Kulturgunea

Gaur zabaldu dute Gasteizen IAK Izaskun Arrue Kulturgunea

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea batuko dituen egitasmoak "kultura proiektu integrala" izan nahi du, "euskaratik eta euskaraz". "Kulturaren kate osoa" lantzea izango du helburu: "sormena, ekoizpena, taularatzea edo erakustea, komunikazioa eta audientziak".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ruiz de Bergara jauregia IAK, Izaskun Arrue Kulturgunea, da jada, eta gaur ireki dute, "behin Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen azken hilabeteetako gorabeherak gaindituta", Oihaneder Euskararen Etxea 2022ko ekainera arte kudeatu zuen elkarteak zehaztu duenez.

Joan den asteko aurkezpenean azaldu zutenez, "kultura ekipamendu bat izatetik harago", "kultura proiektu integrala" izateko asmoz sortu dute IAK, "euskaratik eta euskaraz". Hartara, kulturaren kate osoa lantzea izango du helburu: "sormena, ekoizpena, taularatzea edo erakustea, komunikazioa eta audientziak".

Iraileko bigarren astetik aurrera, udazkeneko programazioa jarriko dute martxan, eta diziplina ezberdineko jarduerak izango dira, "euskara elementu eroale bihurtuta": musika eta arte biziak, familia jarduerak, zinema eta ikus-entzunezkoak, deialdiak eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako orotariko ekimenak.

Gaur ireki, eta bisita gidatuak, etxeko haur eta gaztetxoei zuzendutako lantegia eta jaietako jarduerak izango dira lehen egunetan. Uztailaren 22tik aurrera, esaterako, hiru deialdi egingo dituzte: Taulara, formatu txikiko antzerki-lan eta bakarrizketetarako; Muina, kultura jardueraren bat gauzatu nahi duen herritar ororentzat zuzendutako proposamen poltsa; eta Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza.

"Euskaraz jakin edo ez jakin, IAK guztientzat irekita egongo da, Euskal kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete Izaskun Arrue Kulturgunera", adierazi zuen Lukas Etxeberria Sagastume Lazarraga Kultur Elkarteko kideak.

Uda ostean, berriz, hiruhilabeteko maiztasuna izango du programazioak eta urtaroka egingo da aurkezpena. Iraileko bigarren astetik aurrera, beraz, udazkeneko programazioa jarriko da martxan.

Albisteak (1)

Bideoak (1)