Webgune berria aurkeztu du Guggenheim Bilbao Museoak
Erredakzioa
Bilboko Guggenheimaren wegune berriak diseinu modernoa du, atsegina eta erabilerraza, askotariko telefono eta tableta gailuetara egokitzen dena.
15. Urteurrena dela eta, webgune berria kaleratu du Guggenheim Bilbao Museoak: guggenheim-bilbao.es/eu/. Diseinu modernoa du, itxura atseginekoa, eta erabilerraza da;
izan ere, edonolako publikoak sareko edukiez albait hoberen gozatzeko prestatu da. Bisitariek, Museoaren Lagunek, Kide Korporatiboek, ikasleek, irakasleek eta beste hainbatek modu intuitiboagoan erabili ahal izango dituzte multimedia eduki eta tresna berriak; gainera, elkartruke gehiago egiteko aukera izango dute.
Gune berria Museoak eta UTE LIN3S eta BA! Creativos enpresek garatu dute. Lau hizkuntzatan eskuragarri dago eta askotariko euskarrietara egokitu da diseinua (responsive
web design), hots, telefono, tableta zein ordenagailu bidez bistara daiteke behar bezala, pantaila bereizmen guztietara egokitzen baita. Horrela errazten da informazioa eskuratzea.
Webgunearen atalak
Bisita prestatzeko baliabideek dute leku gailena. "Prestatu zure bisitaldia" atala berritu egin da: errazago hel daiteke askotariko informazio baliagarrira, hala nola, ordutegiak, sarreren prezioak, zerbitzuak eta abar. Era berean, azpiatal bat eskaini zaio ("Baliabideak") bisitaldia osatzen laguntzen duten euskarriei: liburuxkak, aldizkariak eta telefonoetarako aplikazioa, besteak beste. Bestelako informazio interesgarria eskaini da "Turismoa" azpiatalean; bertan, bidaia-gida txiki modura, Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko toki turistikoen eta jarduera erakargarrien ingurukoak azaltzen dira.
"Zer ikusi" da beste atal garrantzitsu bat, interfaze atsegin eta irakurterrazekoa. Bertan, erakusketen, Guggenheim Bilbao Bildumaren eta eraikinaren gaineko edukiak daude,
hurrenez hurren, azpiatal hauetan: "Erakusketak", "Bilduma" eta "Eraikina". Arte-egitaraua azaltzeko euskarri multimedia dinamikoagoa aukeratu da, mikroguneak, hain zuzen,
informazio zabalagoa eskaintzeko; etorkizuneko erakusketen ingurukoak zein aurreko erakusketen biltegia eskuragarri daude atal horretan. Guggenheim Bilbao Bildumaren
artelanetan sakontzeko taxutu da "Bilduma": irudiak bereizmen handian eta kalitate hobezinean ikus daitezke, bistaratze formatu aberatsa dela eta. Azkenik, "Eraikina" atalean
bideoak eta argazkiak daude, eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea, baita eraikuntza, jasotzen dituztenak; Frank Gehryren lanaren txoko guztiak ezagutzeko aukera izango dute erabiltzaileek, baita euren iritziak partekatzeko ere, Twitter-eko iritziak bertan jasoko baitira —hala, Museoaren hedabide digitalen arteko elkarrekintza handituko da—.
Zer ikasi eta jarduerak ataletan hezkuntza-ekimenak daude, dataren, publikoaren eta jarduera-motaren arabera sailkatuta. Horrek nabigazioa erosoagoa egiten du. Jardueren
azpiatalaren barruan, tarte bat eskaini zaio Art After Dark saio arrakastatsuari: horren inguruko multimedia euskarriak daude eta erabiltzaileek bertan eros ditzakete sarrerak, izena eman ondoren. Atal horren diseinua gazteei zuzendu zaie eta dinamikoa eta bizia da.
Babesleak eta kideak atalean bai Kide Korporatiboek bai Museoaren Lagunek haien txokoa dute. Azken horiek "Azken ordua" azpiatal berriaz goza dezakete.
Beste berrikuntzak
Sareko denda ere berritu da: diseinua eta e-commerce funtzionaltasuna hobetu dira, aiseago aurki ditzaten erabiltzaileen salgaiak eta eskaintza bereziak.
Azkenik, aipatzekoak da sare sozialak erabiltzeko botoiak (Twitter, Google+ eta Facebook) gehitu direla "bilduma" eta "jarduera" ataletan. Horrela, edukia arnas batean edonora zabaltzeko aukera eskaintzen da.
Webgune berria W3C HTML5 eta CSS3 ereduen arabera garatu da eta Wordpress da kudeatzailea.