Itxi

Zinemaldia

Nino Benashvili, Wu Lang, Yoyo Liu eta Maximiliano Schonfelden estreinaldiak, Zinemaldiko Zabaltegi atalean

EITB Media

Leer en Castellano

Donostiako jaialdiko sailik irekienak Cannesen, Berlinen, Locarnon, Rotterdamen, Sundancen eta Venezian saritutako edo programatutako film luzeak eta laburrak ere izango ditu lehian.

72. edizioko Zabaltegiren kartela

Nino Benashvili, Wu Lang, Yoyo Liu eta Maximiliano Schonfeld zinema-zuzendarien azken lanen mundu mailako estreinaldiak egingo dira aurten Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean.

Guztira, 23 film lehiatuko dira sail horrek ematen duen saria eskuratzeko: hamahiru film luze -horietako bi Ikusmira Berriak proiektu-egoitzatik ateratakoak-, bi metraje ertaineko film eta zortzi film labur.

Mati Diopek Dahomey pelikularekin inauguratuko du saila, azken Berlinalean film onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen lanarekin. Azken film luzea, aldiz, Dea Kulumbegashviliren Aprili/April izango da. Georgiako zuzendaria aurretik ere izan da Zinemaldian. Haren debutak, Dasatskisi/Beginning (2020) izenekoak, lau sari lortu zituen: film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendari eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria.

Tartean, besteak beste, Leos Carax, Arnaud Desplechin, Elena Lopez Riera, Nelson Carlo de los Santos Arias eta Jane Schoenbrun zinemagileen lanekin gozatzeko aukera izango da.

Obra asko Cannes, Berlin, Locarno, Rotterdam, Sundance eta Veneziako jaialdietan saritu edo programatutakoak dira.