Itxi

Zinema

Hasi da Veneziako Biennalea, eta 'Marco' euskal zinemaren ordezkari izango da

EITB Media

Leer en Castellano

Datorren irailaren 7ra arte, mundu osotik joandako zinema-izarrak eta zinemazaleak elkartuko dira kanalen hirian, askok Almodovarren eta Jokerren arteko lehia gisa ikusi duten edizioan. Hasiera ekitaldian Sigourney Weaver aktoreak Urrezko Lehoia jasoko du, bere ibilbide osoaren sari gisa.

Ibilbide osoa saritzen duen Urrezko Lehoia jasoko du Sigourney Weaverrek. Argazkia: EFE.

Asteazken honetan hasi da Veneziako Zinemaldiaren 81. edizioa. Kanalen hiria glamourrez eta distiraz beteko da, mundu osoan ezagunak diren zinema izarrak euren azken lanak aurkeztera bertaratuko baitira.

Bitelchus, Bitelchus Tim Burtonen beldurrezko komedia ezagunaren bigarren atalaren proiekzioarekin eman ditu lehen pausoak Mostrak. Burtonek Michael Keaton eta Winona Ryder aktoreak berreskuratu ditu aurreko pelikulatik eta Jenna Ortega eta Monica Bellucci fitxatu ditu.

Arratsaldean, irekiera ekitaldi ofizialean, Sigourney Weaver aktore estatubatuarrak Urrezko Lehoia jasoko du, bere ibilbide osoaren sari gisa.

Marco pelikulak ordezkatuko du Euskal zinema, EITBren partaidetza duen Aitor Arregi eta Jon Garañoren lan berria, hain zuzen. Ostiralean izango da estreinaldia, Orizzonti sailean. 18 film gehiago izango ditu lehiakide, horien artean Alexandros Avranasen Quiet Life eta Anne-Sophie Baillyren Mon Inséparable.

Sail nagusian, 21 film lehiatuko dira Urrezko Lehoia eskuratzeko. Horien artean daude: The room next door, Pedro Almodovarren ingelesezko lehen filma; Todd Phillipsk zuzendutako Joker: Folie a deux; Queer, Luca Guadagnino zuzendari eta Daniel Craig aktoren nagusi dituena; Angelina Jolie protagonista duen Pablo Larrainen María; eta I 'm still here, Walter Sallesena.

Zinemazale askorentzat Almodovarren eta Jokerren arteko lehia handiaren eszenatokia izango da La Mostra. Mantxako zuzendariak New Yorken girotutako heriotzaren eta minaren inguruko melodrama aurkeztuko du. Tilda Swinton eta Julianne Moore dira protagonistak, John Turturrorekin batera.

Bestalde, Joaquin Phoenix Joker bilauaren azalean sartu da berriro, Todd Phillipsen aginduetara, rol horrekin Oscar saria irabazi ondoren. Kasu honetan, Lady Gaga izango du alboan, Harley Quinnen paperean. Hain zuzen ere, 2019an, Venezian estreinatu zen Jokerren istorioaren lehen zatia  eta Urrezko Lehoia irabazi zuen.

Rodrigo Sorogoyen zinemagile madrildarrak ere parte hartuko du Sail Ofizialean, baina lehiaketatik kanpo, Los años nuevos filmarekin.

Datorren irailaren 7ra arte, zinemazaleen begiak Veneziako zinema aretoetan eta alfonbra gorrian egongo dira, haietan ikusiko baititugu zazpigarren artearen zuzendari eta aktore nagusiak.