TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Zinemaldiaren hasiera, Sanchezen eta Pradalesen arteko bilera, eta Israel-Hezbollah gerra
EITB MEDIA
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko irailaren 20an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Zinemaldiaren hasiera: Gaur abiatuko da Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioa. Irekiera ekitaldia 21:00etan hasiko da, eta zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en. Ekitaldi horretan bertan, Javier Bardemek iaz Hollywoodeko aktoreen grebaren ondorioz jaso ezin izan zuen Donostia saria jasoko du. Emmanuelle filmak emango dio hasiera Sail Ofizialari, Audrey Diwan zuzendaria eta Noemie Merlant aktorea buru direla.
- Lehendakaria Sanchezekin bilduko da: Imanol Pradales lehendakaria Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin bilduko da gaur Moncloa Jauregian. Bien arteko bigarren bilera izango da gaurkoa, lehendakari izendatu berritan, uztailaren 26an, Ajuria Enean elkartu baitziren. Pradalesek "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eta eskualdatu gabe dauden eskumenen transferentzia azkartzeko eskatuko dio gaur Sanchez presidenteari.
- Israel-Hezbollah gerra: Hasan Nasrala Hezbollah Libanoko alderdi xiitaren buruzagiak "aurrekaririk gabeko sarraskia" eragitea leporatu dio Israeli, azken egunotan ehunka komunikazio dispositibo zartarazita gutxienez 37 pertsona hil eta ia 3.000 zauritu ondoren. Onartu du kolpe gogorra hartu dutela, eta gerra deklaraziotzat jo du gertatutakoa. Erasoen ostean, Libano "indartsuago" egiten ari dela ziurtatu du, eta "okerrenerako prestatzen" ari dela.