AGURRA
Gatiburen bigarren 'agur' kontzerturako sarrerak, agortuta
EITB MEDIA
Lehen kontzerturako sarrerak bi ordu eta erdian agortu eta gero iragarri dute bigarren kontzertua eta bi ordu baino gutxiagoan agortu dira horiek ere. Ikusi egin beharko da hirugarren deialdi batekin animatzen diren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Izugarrizko arrakasta izan du Gatiburen azken kontzerturako deialdiak eta berehala agortu dira sarrera guztiak. Goizean, 2025eko abenduaren 13an BECen izango den azken kontzerturako sarrerak bi ordu eta erdian agortu dira eta hori ikusita, bezperan beste kontzertu bat emango dutela iragarri dute gernikarrek.
Abenduaren 12rako sarrerak 16:00etan jarri dira salgai euren webgunean eta 17:45erako saldu dira horiek guztiak ere.
Bi kontzertuetarako sarrera guztiak ordu gutxian agortu dira, beraz. Hirugarren kontzertu bat eskaintzea ez omen dute baztertzen, baina "pentsatu egin behar dutela" esan dute taldekideek. Ikusi egin beharko da beste iragarpenik ba ote dagoen edo bi agur kontzertu horiekin amaitzen duten ibilbidea.
Izugarriak zarete lagunok! ¿BIGARREN DATAKO SARRERAK AGORTU DITUZUE!
— Gatibu (@gatibu) September 23, 2024
Ez genuen batere espero egun bakarrean bi BEC beteko zenituztela, ezin eskertuago gaude! Bixotza suten ¿¿¿¿
Maite zaituztegu ¿#aguresanbarik2025 pic.twitter.com/Hz1fOpV2Ob
25 urte beteko dituen urtean, 2025ean, esango dio agur mende laurdeneko ibilbideari Gatibuk. "2025ean 25 urte egingo ditu taldeak, eta erabaki dugu oso urte ona dela uzteko", iragarri zuten taldeko kideek, esklusiban, ETB1eko Biba Zuek saioan.
"Ez dugu eztabaidarik izan, zerbait naturala izan da. [...] Pena handia ematen du, baina aldi berean pozik eta gogotsu gaude falta denarekin", gaineratu zuten Alex Sarduik, Haimar Arejitak eta Gaizka Salazarrek.
ETB1en iragarpena egin eta minutu gutxira, taldeak prentsa oharra publikatu zuen sare sozialetan. "Txoko txiki bat izan zara, Gatibu, ezin izango zaittugu inoiz ahaztu. Baina heldu da ordua. Agur esan barik, BAGOIEZ", nabarmendu zuten, Musturrek sartunde eta Urepel kanten letrei aipamena eginda.
¿Txoko txiki bat izan zara, Gatibu, ezin izango dotzugu inoiz ahaztu. Baina heldu da ordue AGUR ESAN BARIK, BAGOIEZ ¿#AgurEsanBarik2025 pic.twitter.com/YZVxRL8pi0
— Gatibu (@gatibu) September 18, 2024
2000. urtean ekin zion bideari Gatibuk, eta hamar disko plazaratuta utziko dituzte eskenatokiak. Euskal Herri osoan ez ezik, mundu zabaleko herrialde askotan ere itzala izan dute euren doinu dantzagarriak azken urteotan.
Mende laurdenean, euskal musikaren abesti handienetako asko sortu ditu Gatibuk, hala nola arestian aipatutako Musturrek sartunde, Lorak eskeintzen, Zeu, zeu, zeu!, Euritan dantzan eta Gabak zerueri begire.