Itxi

Saria

Juan Mari Beltranek jasoko du Manuel Lekuona saria

N. V. | EITB Media

Musika interpretatzaile, ikertzaile, sustatzaile eta irakasleak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren saria aurten, "musika ondare tradizionala berreskuratu, babestu eta transmititzeko egindako lanagatik".

Juan Mari Beltran, Soinuenean

Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947) musika interpretatzaile, ikertzaile, sustatzaile eta irakasleak jasoko du Manuel Lekuona saria, "dibulgazio multidimentsionala" egin duelako, "txikitik unibertsalera" joan delako eta "prestigio gabeko musika tresnei merezi duten errekonozimendua" eman dielako, Eusko Ikaskuntzak gaur iragarri duenez.

Saria 1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak, euskal kulturaren alde lan egindako pertsonak goratzeko.

Juan Mari Beltranek Etxarri Aranatzen hasi zuen bere musika ibilbidea klarinete eta txistulari gisa, eta 16 urterekin Argia Donostiako Euskal Dantzari Taldean sartu zen. Irakasle gisa, Hernaniko Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten. 1960ko hamarkadan, herri musikari buruzko materialak biltzen hasi zen, formatu eta modalitate guztietan. Bilduma partikular hori Soinuenea-Herri Musika Txokoaren ernamuina izan zen, 2002. urtean Oiartzunen ateak ireki zituen folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketarako zentroarena.

Duela mende erdi baino gehiagotik, Eusko Ikaskuntzak gogora ekarri duenez, "Beltranek musika ondarea berreskuratzen, zaintzen eta transmititzen lan egiten du, bai alderdi materialean, bai ez-materialean. Batetik, desagertzeko bidean zeuden musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea ahalbidetu du. Bestetik, Euskal Herriko errepertorioko konposizioak berreskuratu eta zabaldu ditu, bertako testuinguruen eta kultur erabileren azterketarekin batera".

Manuel Lekuona sariaren epaimahaia, Eusko Ikaskuntzaz gain, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboa, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, UN Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek osatu dute.

Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat jasoko du Beltranek ekitaldi publiko batean, 2025ean, "ziurrenik, udaberrian".

Aurreko urteetan, hauek irabazi dute Manuel Lekuona saria, besteak beste: Manuel Lekuona, Eugène Goyheneche, Bernardo Estornes Lasa, Xabier Diharce Iratzeder, Jorge Oteiza, Micaela Portilla, Jose Maria Jimeno Jurio, Piarres Charriton, Jean Haritschelhar, Elias Amezaga, Menchu Gal, Montxo Armendariz, Txomin Peillen, Joan Mari Torrealdai, Jean-Louis Davant, Xabier Amuriza, Enkarni Genua…