Itxi

Profila

Miren Arzalluz, Balenciagaren lanaren inguruan mundu osoko aditurik handiena

EITB Media

Modaren eta artearen munduan nazioarteko erreferente bihurtuta itzuliko da Euskal Herrira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Miren Arzalluz (Bilbo, 1978) Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari berria atzerriko museo batean lanean aritu ondoren itzuliko da etxera. Azken sei urteetan Parisko Palais Galliera museoko burua izan da, hots, modaren inguruan mundu osoan dagoen museo garrantzitsuena zuzendu du.

Frantziar nazionalitatea ez duen lehengo zuzendaria izan da, hain zuzen ere. Bertan, oihartzun handiko hainbat erakusketa antolatu ditu, hala nola Coco Chanel eta Frida Kahlo sortzaileei buruzkoak, eta museoaren internazionalizazioa sustatu du. Gainera, uztailean, Frantziako Gobernuak herrialdeko ohorezko izendapen garrantzitsuenetariko bat eman zion: Letren eta Arteen Ordenako zaldun izendatu zuen.

Horrenbestez, modaren eta artearen munduan nazioarteko erreferente bihurtuta itzuliko da Euskal Herrira.

Arzalluz Artearen Historian lizentziaduna da, jantzien Historian espezializatua, eta Cristobal Balenciaga euskal jostunaren lanaren inguruan mundu osoan dagoen aditu handiena da.

Getariako sortzaileari buruz egin zuen, hain justu, doktore-tesia, eta Balenciaga Museoaren sorreran zuzenean parte hartu zuen. Bertan, erakusketen eta bildumen arduraduna izan zen, zazpi urtez. Parisera joan aurretik, Etxepare Institutuko zuzendari izan zen, eta Bilboko Arte Eder Museoaren Batzorde Artistiko Aholkulariko kide da.

Haren formakuntza akademikoa ere aberatsa da: Historian doktorea da Deustuko Unibertsitatean, masterra du Artearen Historian Londresko Courtauld Institute of Art erakundean, eta beste master bat Politika Konparatuan London School of Economics institutuan.

Guggenheimen zuzendari berria Xabier Arzalluz zenaren alaba da. Aita Euskal Herriko politikagintzak inoiz izan duen ikono handienetakoa izanik, duen abizenaren itzal luzeari egin behar izan dio aurre beti; hala ere, ibilbide oparoa izan du kulturaren munduan, eta lortu du "Miren" izateagatik  izatea errespetatua, "Arzalluz" izateagatik baino.

 

Bideoak (1)