Kultura hitzorduak
2025ak, hitzorduak luze
N. V. | EITB Media
Kontzertuak, diskoak, filmak, bertsoak, antzezlanak, liburuak, erakusketak… Aurtengo agenda zuria zitaz betetzeko materiala ugari izango da hasi berri dugun urtean.
Kulturak, beti bezala, eskaintza zabala jarriko du herritarren eskura, mundu zuri-beltza grisez marrazteko eta urratsak egitera bultzatuko gaituzten galderak egiten laguntzeko. Mundua aberastuko duten kantu, liburu, pelikula, bertso, antzezlan eta arte erakusketak argituko dira 2025ean.
Urtea hasteko, Altzai-Lakarriko gazteek urtarrilaren 12an emango dute maskarada lehenengoz, Lakarrin, eta martxoaren 30era arte antzeztuko dute gero. (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Asteak ere jarriko du urteko lehen zitetako bat, Baztanen, urtarrilaren 20tik 26ra, eta urteko lehen hilean Bertso Eguna ere egingo dute, urtarrilaren 25ean, Lesakan.
Musikan, Fermin Muguruzak joan den urte hondarrean abiatutako nazioarteko bira Donostiara (ekainak 14) eta Iruñera (urriak 14) iritsiko da 2025ean, besteak beste. Esne Beltzak azken kontzertua emango du Bilbon, otsailaren 1ean, baita Chill Mafiak, martxoaren 28an, eta Gatibuk ere, abenduan, BECen, zita hirukoitzean.
Publikoarekiko zita hirukoitza dute jarrita BECen ETSkoek ere, martxoan, Izarok maiatzaren 31n toki berean, eta Bulego taldeak azaroaren 8an emango du birako azken kontzertua, Bilbon, 2026a agertokietatik kanpo eman aurretik.
Kanpoko talde eta musikariek ere igarri dituzte kontzertuak Euskal Herrian, 2025erako: Bryan Adams, Bruce Springsteen, Lenny Kravitz, Judas Priest, Joaquín Sabina, Bad Religion, Marc Anthony…
Gainera, udaberritik aurrera, jaialdien segida izango da: Zeid Gaztea, Iruña Rock, EHZ (Arberatze-Zilhekoa, ekainak 27-29), Hatortxu Rocken azken edizioa (Lakuntza, uztailak 24-27), Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival, Getxoko, Donostiako eta Gasteizko jazz jaialdiak…
Azkenik, Atabalek, Bilboko Kafe Antzokiak, Dabadabak, Totemek, Jimmy Jazzek eta Euskal Herriko areto, antzoki eta gaztetxeek abegi ona egiten jarraituko diete, urte osoan, talde apalagoei. Azkenaldian Euskal Herrian argitaratutako disko interesgarrienak zuzenean entzun ahalko dira areto horietan: Janus Lester, Bloñ, Delirium Tremens, La Furia, PiLT, Tatxers, TOC, Bengo, Verde Prato, Merina Gris, Marte Lasarte, Izaki Gardenak, Bizardunak, Kaskezur…
Zinema munduaren lehen hitzordua otsailaren 8an iritsiko da. Euskal film eta profesionalek 32 izendapen bildu dituzte egun horretan banatuko diren Goya sarietarako. Hilabete geroago, martxoaren 3ko goizaldean, Oscarrak iritsiko dira.
Ohi bezala, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Asteak, Giza Eskubideen Zinemaldiak, Zinegoakek, Zinebik, Fipadocek eta Donostiako Zinemaldiak zinemazaleen arreta erakarriko dute, eta jaialdi horietan ikusgai egongo dira akaso estreinatzear dauden euskal ekoizpenak: "Nosotros" (Helena Taberna), "Ombuaren itzala" (Patxi Bisquert), "8" (Julio Medem), "Faisanen irla" (Asier Urbieta), "Los aitas" (Borja Cobeaga), "Karmele" (Asier Altuna), "Singular" (Alberto Gastesi), "El mal" (Juanma Bajo Ulloa), "Anekumen" (Irati Gorostidi), "Sacamantecas" (David Perez Sañudo), "Maspalomas" (Moriarti)…
Museoei dagokienez, Miren Arzalluzek Bilboko Guggenheimen zuzendaritza hartuko du, eta Tarsila do Amaral (Brasil) eta Helen Frankenthaler (AEB) artisten lanak egongo dira ikusgai, besteak beste.
Artiumek, bestalde, hogeita hamar urte beteko ditu aurten, eta Ines Medina artistarena izango da urte berezi horretan ikusgai jarriko duen erakusketetako bat. Tabakalerak, hamargarren urteurrenean, Maider Lopezen, Joan Fontcubertaren, Tina Barneyren eta Anna Irina Rusellen lanak erakutsiko ditu.
Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra ospatuko da aurten.
Hori guztia eta askoz gehiago ekarriko du 2025ak gure hiri eta herrietako agertoki, pantaila, areto eta orrialdeetara. On egin!