Azken eguna
'Aurreikuspen guztiak gaindituta', 47. Durangoko Azokan
L.Z.
Erredakzioa
Azken eguna beteko du gaur Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak. Aiert Goenaga Azokako zuzendariak Euskadi Irratian esan duenez, bisitariei zein salmentei dagokionean gorakada izan du Azokak.
Durangoko Azokak ordu gutxi barru itxiko ditu ateak, eta diskoetxeei zein argitaletxeei balantzea egiteko ordua heldu zaie. Krisia tartean dela, aurtengo salmenten datuak ezagutaraziko dituzte ofizialki 12:00etan, Landako Gunean.
Aiert Goenaga Azokako zuzendariak Euskadi Irratian esan duenez, egunero jendetza bildu da Landako gunean eta "aurreikuspen guztiak" gainditu dira, jendeari dagokionean zein salmentei dagokionean. Emaitza oso ona izan da, esan duenez, krisiaren eragina ez baita gehiegi nabaritu.
Dena den, Durangoko Azokak 20:00etan itxiko ditu ateak. Hortaz, egunean zehar Azokak eskainiko dituen ekintzekin gozatzeko aukera izango dute bisitariek.
Ahotseneak, adibidez, besteak beste, La Jodedera, Ero, On, Anai-Arrebak, Glaucoma eta Hutsa taldeen zuzenekoak hartuko ditu. Saguganbaran umeei zuzendutako tailerrak egongo dira, baita ipuin kontalariak ere.
Betagarriren gaurko kontzertuaren ostean, Kherau taldeak girotuko du bihar Plateruena. 20:00etan hasiko da emanaldia.
Bestalde, Metrokoadroka kolektiboak "Hura ez da lekua" ikuskizuna eskainiko du, 19:00etatik aurrera, Szenatokian.
Bukatzeko, Irudienak egitarau zabala prestatu du iganderako. Aurreko egunetako ekimen garrantzitsuenen errepasoa egiteaz gain, "Bikoizketa vs. Azpitituluak" mahai-ingurua egingo da bertan, Ane Muñoz, Luistxo Fernandez, Marian Galarraga, Iñaki Gurrutxaga eta Mikel Garcia gonbidatuekin.