Sariak
'Argo' irabazle, Oscar sarietan
'Piren bizitza' pelikulak lau sari jaso ditu, tartean zuzendari onenarena. Daniel Day-Lewisek gizonezko aktore onenaren saria jaso du eta Jennifer Lawrencek emakumezko aktore onenarena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Argo, Ben Affleckek zuzendutako pelikula izan da Oscar sarietako irabazlea, pelikula onenaren saria eskuratu baitu. Halere, "Piren bizitza" pelikulak lau sari eskuratu ditu.
Argo Ben Affleckek zuzendutako, ekoitzitako eta protagonista duen pelikulak irabazi du urteko pelikula onenaren Oscarra. Emazteari eskaini dio saria, Jennifer Garner aktoreari. Affleckek esan duenez, duela 15 urte irabazi zuen lehen Oscar saria, Good Will Hunting pelikulagatik, eta orduan "ez nekien zertan ari nintzen", adierazi du. "Garrantzitsuena ez dira bizitzako kolpeak, garrantzitsuena jaikitzen jakitea da", gaineratu du.
Daniel Day-Lewis aktore britainiarrak, espero zen bezala, bere ibilbideko hirugarren Oscar saria jaso du Steven Spielbergen Lincoln lanean AEBetako presidentea gorpuzten egindako lanagatik. "Ez dakit nola gertatu den hau, baina nire bizitzan espero nuena baino zorte handiagoa izan dut, eta eskerrak eman nahi dizkiot Akademiari, ohore handi honengatik", adierazi du aktoreak. Gainera, Meryl Streep iazko irabazleetako baten eskutik jaso du saria, eta paperen aldaketari buruz aritu da, txantxetan.
Jennifer Lawrence 22 urteko aktore gazteak bere ibilbideko lehen Oscar saria eskuratu du, emakumezko aktore onenarena, Gauzen alde ona pelikulagatik. Lawrencek estropezu egin du agertokira eskaileretatik igotzean, soineko luzea zapalduta. Saria eskertu du, eta filmeko lankideei, senideei eta kategoriako aurkariei eskaini die, beretzat "inspirazioa" baitira.
Adele taula gainean aritu da lehen aldiz, urtebetez agertokietatik kanpo izan ostean. Oscar sariak banatzeko galako une hunkigarrienetarikoa izan da. Paul Epworthekin batera, abesti onenaren saria eskuratu du, Skyfall pelikulako izen bereko abestiagatik. Halaber, Shirley Bassey abeslari beteranoak "Goldfinger" abestu du.
Anne Hathawayk ez du huts egin eta antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria eskuratu du Miserableak pelikulan egindako lanagatik. "Ohore handia da", esan du taula gainean. "Jende asko dago hor behean, eta beraiei esker nago gaur hemen. Hugh Jackmani esker, adibidez. Hugh, hoberena zara", gaineratu du.
Michael Haneke zuzendari alemaniarraren "Maitasuna" filmak irabazi du atzerriko film onenaren Oscar saria, "Ez" txiletarrari, "Benetako kontua" daniarrari, "Kont-Tiki" norvegiarrari eta "Gerra sorgina" kanadiarrari gailenduta. "Eskerrak eman nahi dizkiot nire emazteari, 30 urte baitaramatza nire laguntzaile eta nire bizitzaren erdigune izaten", esan du Michael Hanekek saria jaso ondoren. Halaber, filmeko bi adineko protagonistak izan ditu gogoan, Emmanuelle Riva eta Jean-Louis Trintignant: "Eskerrik asko bi horiei, beraiek gabe ez bainintzen hemen egongo". Film honetan parte hartu du Ramon Agirre euskal aktoreak.
Kontsultatu Oscar 2013ko irabazleen zerrenda.