86. edizioa
Cuarón eta McQueen zuzendari onenaren Oscar saria irabazteko lehian
Erredakzioa
Zinegile mexikarra eta britainiarra dira garaile suertatzeko faborito nagusiak nahiz eta Martin Scorsese, David O. Rusell eta Alexander Payne ere izendatuta dauden.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alfonso Cuarón eta Steve McQueen igandean, martxoak 2, banatuko diren 86. Oscar sarietako hautagai nagusiak dira zinema zuzendarien sailean.
Azkeneko asteetan Alfonso Cuaronek Bafta, Urrezko Globoa, AEBko Zuzendarien Sindikatuaren eta AEBko Ekoizleen Sindikatuaren sariak irabazi ditu "Gravity" filman egindako lanagatik. Arrakasta handia lortu du lan honekin eta mundu guztian zehar 700 milioi dolar eskuratu ditu, 511 milioi eurotik gora. Lau urteko lana du atzean espazioko irudiak lortzeko teknologia berriak sortu behar izan dituztelako.
Steve McQueen kategoria honetan izendatua egotean albiste historikoa da. Aurretik bitan egon da afroamerikar bat sail honetan lehian: John Singleton, "Boyz N the Hood" (1992), eta Lee Daniels, "Precious" (2009). Gainera, ekoizle moduan ere izendatua dago "12 Years a Slave" lanarekin.
71 urterekin indartsu jarraitzen du Martin Scorsesek. Hori da bere "The Wolf All Wall Street" lanarekin erakutsi duena. Azkeneko 20 urteetan argitaratu duen film onena da askoren ustez. Bere ibilbidean eskuratzen duen zortzigarren izendapena da hau eta "The Departed" filmarekin etxera eraman zuen Oscar saria.
Joan den urtean "Silver Linings Playbook" filmarekin lortutako arrakasta errepikatu du David O. Rusellek film berrian. "American Hustle" filmarekin saria eskuratzen ahaleginduko da.
Alexander Paynen "Nebraska" lanak sail honetan lortzen duen hirugarren izendapena ekarri dio. Aurretik, "Sideways" eta "The Descendants" lanei esker izendatu zuten. Oraingoan, zuri beltzean grabatutako "road movie" pertsonala aurkeztu du.